Mundu mailan sona haundia duen Fitur azoka egin zen urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra Madrilen. Adituek diotenez, turismo arloan munduko bigarren feriarik garrantzitsuena da Fitur eta aurtengoan 170 herrialde eta eskualdetako 13.300 entitate bildu ziren. Tartean eskualdeko ordezkaritza ere izan zen.
Zugarramurdiko Museoa eta akelarrea
Bertzeak bertze, joan den urteko uztailean irekitako Zugarramurdiko Sorginen Museoak bere lekua izan zuen, aurkezpen eta guzti. Jesus Agerre alkatea, Ainhoa Agirre museoko kudeatzailea eta Fernando Hualde historialaria museoaren inguruan mintzatu ziren, museoa turismo eta kultur baliabidea den aldetik. Horrez gain, herritarrek Akelarrea antzeztu zuten eta antzinako belarlarien oinordeko den edabea, mandragora, ere eskani zuten.
Bertizko Partzuergo Turistikoa
Bertizko Partzuergo Turistikoak ere ez zuen hutsik egin azokan, eta Naturan egonaldiak Baztan-Bidasoan egitasmoa merkaturatu zuen. Eskualdea bisitatzeko bortz programa desberdin landu dira ekimen horretan, guztiak osagai berri eta amankomun batekin: taxi-gida. Egitarauak aurre-historiarako grina, historiarako grina, gastronomiarako grina, berderako grina eta urerako grina dute izena. Proiektuan parte hartzen duten landetxeetan ostatu hartu, gai hauekin lotura duten toki eta baliabideak bisitatu eta aurkezpena eta azalpena ematen dituen gida baten laguntza izanen dute. Hala, ortziral arratsetik igande arratsaldera bitarte, bisitariek harat eta honat ibiliko dituen taxi bat izanen dute, aukeratu duten programaren arabera. Dena den, programak konbinatzeko aukera ere badago eta guttieneko parte hartzeko kopurua lau lagunekoa da, gehienez zazpikoa.
Plazaolako Partzuergo Turistikoa
Plazaolako Partzuergo Turistikoak ere bere eskaintza aurkeztu zuen Fiturren, Espainiako Trenbideen Fundazioak antolatu eta koordinatzen duen Bide Berdeen standaren barrenean. Aurten, gainera, Bide Berdeen hamabortzgarren urteurrena ospatzen ari dira. Aipatu, Plazaolako Bide Berdeak Europako Bide Berdeen III. Lehiaketako lehendabiziko saria irabazi duela berriki, garapenaren eta turismoaren arloan.