Abian dira dagoeneko Malerrekako Agenda 21aren foroak. Lehena urtarrilaren 22an egin zuten Donezteben eta lurraldea, hirigintza, ingurumena eta ingurumen arloak eta mugikortasuna izan zituzten hizpide. Herri gehienen parte hartzearekin 32 lagun bildu ziren eta atalez atal herrien arazo eta erronkak aztertu zituzten.
Lurraldea eta hirigintzaren inguruan, kudeaketan dagoen gabezia eta eskualdearen antolamendu eza azpimarratu zuten. Hala, udalen arteko lankidetza ezinbertzekoa zela iritzi zioten. Etxebizitza eskasia eta garestiak izatea ere aipatu zuten, batez ere Babes Ofizialeko Etxebizitzak behar direla. Lur ez urbanizagarrian etxeak egiteko joera kontrolatu behar omen da, baita etxebizitza hutsei irtenbidea bilatu ere. Kirol eta kultur instalazioen falta ere nabaria dela erran zen, eta dagoena Donezteben biltzeko joera dagoela. Interneten banda zabalaren beharra ere nabarmendu zuten.
Ingurumenaz aritu zirenean, zenbait mendi eta erreketan dagoen zikinkeriari aitzin egin behar zaiola aipatu zuten bildutakoek, eta horrez gain, baliabide naturalak hobeki aprobetxatu behar direla. Herritarrek ondare naturalaren inguruan duten kontzientzia ere eskasa omen da.
Ura, hondakinak eta energia bezalako ingurumen arloez ere mintzatu ziren. Guztietan kudeaketa hobetzearen beharra azpimarratu zuten, eta uraren kasuan, hornidura bermatzeko dagoen beharra, Gaztelun garai jakinetan dagoen eskasia, adibidez.
Azkenik, mugikortasuna izan zuten hizpide. Arlo honetan gabezia agerikoa da, garraiobide publikorik ez egoteak autoa hartzera behartzen baititu herritarrak. Horri irtenbidea ematea egokia litzateke, bildutakoen iritziz.
Bigarren bilkura astearte honetan, hilak 12, egitekoa zen, kultura, kirola, euskara, hezkuntza eta gizarte zein osasun zerbitzuez solasteko. Azken foroa otsailaren 28an eginen da. Orduan ekonomiaz eta tokiko eta eskualdeko kudeaketaz arituko dira.