3.000 lagun inauterietako desfilean

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 8a

TTIPI TTAPA

Giro ezin hobean igaro ziren aurtengo inauteriak ere. Ostiraleko gazteen gosariarekin eman zitzaion hasiera eta igande arratserarte ez zen aspertzeko aukerarik izan gure herrian. Gazteak eskean zeuden bitartean, ortziral arratsaldean haurrak mozorraturik joan ziren Ulibeltzak Elkartera. Txokolatea hartu ondotik Agerralde soinulariarekin dantzan ibili ziren, lehenik elkartean eta ilunabarrean udaletxeko arkupeetan. Gauean, urtero bezala, emakumeen afaria izan zen Ulibeltzak elkartean. Aurtengoan 104 emakume bildu ziren, guztiak mozorratuak. Egun horretan emakume gehienak koadrilaka mozorratzen dira, eta hala, hippiak, hallowineko pertsonaia beldurgarriak, pitufoak, pinotxoak, heineken zerbezaz mozorrotutako koadrila eta beste hainbat ikusi ahal izan genituen. Aipatu behar da, heinekenez mozorratutako kuadrilak afalondoren zozketa bat egin zuela guztien ustekaberako. Ondoren mariatxi talde baten emanaldia izan zen, eta hau bukatutakoan Agerralde hasi zen.

Larunbatean gazteak herrian barna ibili ziren eskean eta haurrek ere beren lekua izan zuten, Ulibeltzak elkartean berriro ere dantzaldia izan baitzuten.

Igandean, 11:30 aldera hasi zen karrozen desfilea. Jende ugari etorri zen karrozak ikustera, Foru Poliziak errandakoaren arabera, 3.000 lagun gutti gorabehera. Urtero ateratzen diren hiru karrozez gain, beste 10 koadrilek aurreko asteetan egindako lana erakutsi zuten herriko karriketan barna. 14:30 inguruan bukatu zen desfilea Fonda ostatuaren ondoan.

Inauterietako zozketa

Inauterietan egin zen zozketan, zerriaren txartela agertu ez denez, zozketa berriro egin da. Hauek dira zenbakiak: 5374; 1332; 2026. Lehen zenbakia otsailaren 12rako ateria ez bazen, bigarren zenbakira pasatzekoa zen eta honek bertze zazpi eguneko iraupena izango du. Hau ere ateratzen ez bada, hirugarren zenbakira pasatuko da. Zorte on!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun