Abian da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizioa ere. 37. edizioa da hau eta otsailean eta martxoan jokatuko da. Urtero egiten den txapelketa da Nafarroakoa eta, norgehiagokaz haratago, bertsolaritzaren, eta oro har euskal kulturaren, sustapena du helburu. Urteak joan, urteak etorri Nafarroan euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Txapelketa.
2008ko edizio honetan 25 bertsolari ari dira parte hartzen, horietatik gehienak gazteak..
Aurten azken lau urteetako txapelduna izan den Xabier Silveirak ez du parte hartuko Txapelketan; hortaz, txapeldun berria izanen da. Parte-hartzaileen artean Bittor Elizagoienek bakarrik daki zer den Nafarroako txapela janztea, 1994 eta 1999an izan zen txapeldun arraioztarra.
Txapelketak eskualdean zabaldu zituen ateak. Bi kanporaketa jokatu ziren, Leitzan eta Iturenen, otsailaren 8 eta 9an, hurrenez hurren. Leitzan Diego Riaño, Juan Mari Lopez, Iker Iriarte, Ekaitz Astiz, Aimar Karrika eta Iñaki Aleman aritu ziren eta Iturenen, Alazne Untxalo, Iker Gorosterrazu, Ander Fuentes, Xabier Terreros, Garazi Taberna eta Xabier Legarreta. Bi saio hauetatik bortz bertsolari pasatzekoak ziren finalaurrekoetara, kanporaketa bakoitzeko onena eta kanporaketetan puntuaziorik onena lortu duten bertze hirurak. Baina lerro hauek idazterakoan ez genuen horren inguruko berririk.
Horren ondotik, hiru finalaurreko jokatuko dira: Txantrean larunbat honetan, otsailak 16, Lekunberrin otsailaren 23an eta Beran martxoaren 1ean. Finalaurrekoetarako zuzenean hamahiru bertsolari daude sailkatuak, 2007ko Txapelketako onenak.
Txantrean Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Oier Lakuntza eta kanporaketa gaindituko duten bi bertsolari ariko dira; Lekunberrin Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta Etxabe, Julio Soto, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta kanporaketako bertze bertsolari bat lehiatuko dira eta Beran, Jon Barberena, Migel Mari Elosegi, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe eta kanporaketako bi bertsolari.
Finalaurrekoetan, beraz, 18 bertsolari izanen dira, horietatik soilik zortzi pasako dira Elizondoko finalera: saio bakoitzeko irabazlea eta hiru finalaurrekoetako puntuazioaren arabera, bortz onenak.
Final nagusia martxoaren 15ean jokatuko da, Elizondoko Lur dantzalekuan. Txapelketaren xehetasun guztiak eta informazio eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com helbidean izanen da.