Giro epelean joan dira aurtengo inauteriak

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 8a

Etxalarko nazioarteko lehen zinemaldia irudikatu zuten herriko neska gazteek inauterietako asteartean. TTIPI TTAPA

Herriko ttikienak izan ziren inauteriak hasi zituztenak. Urtarrilaren 31n, Ortzegun Gizena, goizean goizetik etxez etxe puskak biltzen ibili ziren, batzuk herrian, bertzeak baserrietan, saskia ongi bete arte. Arratsaldean, eguraldi ederraren laguntzarekin, antzerkiak eskaini zituzten herri osoan barna. Eguna akabatzeko, Guraso Elkartekoek berendua eman zieten guztiei.

Haundien Inauteriak

Otsailaren 4an, astelehena, hasi ziren Haundien Inauteriak. Goizean, 8:30ean, 60 bat gazte bildu ziren Elutsan, ongi gosaldu eta indarrak hartzera, eguna iraun ahal izateko. Beti bezala, bi taldetan banatu ziren, goiko eta beheko auzoetara inaute-inaute eskean joateko. Eguraldi txarra zenez, traktoreetan egin zuten ibilbidea. Goiko baserrietan ibili zirenek Usategietako txabolan bazkaldu zuten, eta beheko baserrietakoek Anttonion. Arratsaldean baserrietako itzuliarekin segitu zuten, ilunabar aldera arte. Aurten berrikuntza gisa, afariaren ordez, pintxo-jatea izan zen Elutsan.

Orga desfilea eta mozorroak

Egun handian, asteartean, hainbat orga ikusi ahal izan ziren plaza inguruan. Bertzeak bertze, diktadura garaiko eskola, Ekialde hurbiletik etorritako moroak, kartzelatik ihes egindako presoak eta poliziak gibeletik atxilotzeko intentzioarekin, Erdi Aroko gaztelu bat beraien zaldun eta printzesekin, Holliwoodeko izarrak, ehizturiak guardia zibila atzetik zutela eta hainbat eta hainbat mozorrok giro ederra paratu zuten geroz eta indar handiagoa hartzen ari den orgen desfilean. Herriari buelta eman eta gero koadrila gehienek bazkariak izan zituzten eta arratsaldean, bigarren urtez, gazteentzako jokoak izan ziren frontoian. Aski gustura ibili ziren parte hartu zuten guztiak, baita ikustera eta animatzera hurbildu zirenak ere.

Dozenaka kinto-bazkari

Azken urteetako martxa segituz, sekulako giroa izan zen kinto-besten igandean. Adin guztietako 100 lagunetik goiti bildu ziren bazkariaren aitzakian, giro onean jan, edan, eta besta egiteko. Arratsean berandu arte luzatu zen besta bildutako gehienentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun