Izan ala ez izan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 8a

Azken aste hauetan Lesakan bizitutakoak gogoeta hau idaztera eraman nau. Maila batean nituen kezkak areagotu zaizkidala erran beharra dut lehenik. Nire kezkak ez dira, Mattin eta Igor bortizki eta koldarki jipoitu ondorengo erantzunaren harira heldu. Ezta guttiago ere. Egun haietan Lesakako kale tristeetan, indar zapaltzailen aurrean, Lesakak eta orohar eskualde guztiak duinki erantzun baitzuen.

Kezkak, ondorengo egunetan ikusitakoak ikusita sortu zaizkit. Egun haietan Euskal Herriaren zein herritarren eskubideen alde jardun genuen guztiok. Horrela gatazkaren sorburuan dauden arrazoiei helduz. (Ez dago soberan aipatzea, tira-bira batzuk izan genituela udal ordezkarion artean. Alabaina ez da denbora gehiegi pasa, orduan hartutako erabakiak alde batera utzi eta erralitate gordinaren aurrean, batzuk ostrukarena egiteko. Bertzela nola ulertu, eskualdeko hainbat torturatuek deitutako manifestazio batean ANVkoak salbu, udal ordezkaririk ez egotea? Ez ahal dira PNV, ONIN, EA giza eskubideen defentsan lehen lerroan egoten diren horietakoak? Edo agian, hitzordua ahantzi izanen zitzaien, preso eta iheslarien enkarteladarena bezala? Edota momentuaren arabera, eta guztiekin ongi gelditzeko xedez mugitzen diren horietakoak ote dira? Nork daki. Niri kezka eta mesfidantzarekin batera amorrazioa bertzerik ez didate sortzen. Gure herriak egun haietan bezala gaur, erantzukizun politikoa dugunoi arduraz jokatzea eskatzen digu.Tamalez, eskaera horretatik hagitz urruti daude, Euskal Herriak egun bizi duen salbuespen egoeraren aurrean etxean gelditzen diren ordezkari politikoak.Gainera, beraien arduragabekeria agerian gelditu ez dadin edo, herritarrak beraien eredua jarraitzera gonbidatzen dituzte behin eta berriz. Eredu horren ezaugarri nagusiak, «goitik» datozen gehiegikeri guztien aurrean isiltasuna eta deus gertatu ez balitz bezala jarraitzea dira; egiten dutena gaizki dagoela jakinda ere, aginduak zintzo bete. Berdin dio herritarrak bozkatzen dutena errespetatu behar ez bada ere. Denak balio du. Denak balio duen horretan, ez dago mugarik. Beraien kortijoak bailitzan dabitza han eta hemen. Hemen, Lesakan, jarrera horiek aspaldidanik dira ezagunak. Egun EA eta ONIN dira jaun eta jabe, egin eta desegin inorekin kontatu gabe. Adibide batzuk aipatze arren, Lesakak dituen «azken» lurrak (landazelaiak) zein egoera juridikoan dauden, zer egin daitekeen edo zer ez daitekeen egin bertan ez dakigu herritarrok. Eta herritarren inguruan informazioa zabaltzeko eskaerei entzungor egiten dabiltza. Diru publikoa hautetsientzako mugikorretan gastatzeko badagoela jakin dugu, baina Euskara Mankomunitateko aurrekontuak onartzeko ez. Erdi Aroko feria zergatik antolatu, nola antolatu eta zertarako antolatu behar den ez zaio inortxori galdetu. ONIN eta EAk gainera, herriak eman ez dizkien bi zinegotziz baliatzen ari dira, egin eta desegiteko. Hau ezagututa, ausartzen al da norbait honi guztiari demokrazia deitzen? Zer zilegitasun dute alderdi hauek demokraziaren eta herriaren izenean solasteko?

Udalen funtzio nagusiak herritarren interesak bermatzea izan beharko luke baina hori errealitatetik urrutti dago eta emeki-emeki kudeaketa eredu hauetan autoritarismoa gailentzen ari da.
Jakinen duzuen bezala, NaBai ordezkatzen duten alderdikoak dira guztiak. NaBai azken boladan, hitzez baino ekintzez ezagutzea egokitu zaigu: AHTren (abiadura haundiko trena) proiektuaren alde, Erdizen harrobia egitearen alde, espainiar armada bertze lurraldeak okupatzearen alde eta Espainiako segurtasun indarrei babes guztia ematearen alde agertu da. Mattin eta Igor txikitzeraino jipoitu eta espetxera eraman zituen operazioaz poztu ere, egin dira. Ikusi nahi duenak badu zer ikusi eta zer ez Ikasi.
Hauxe da dagoena. Eta hurrengo martxoaren 9ko hauteskundeetan egonen dena. Batetik, gure herria zapalduta, zigortuta eta jipoituta mantendu nahi dutenen aukera (UPN/PSN): espainolak eta punto. Bertzetik, espainolek uzten dietenaren onarpena eta noski, ahal bada kudeaketa (NaBai-PNV): erregionalismoa (?) burujabetza konpartitua(?). Eta azkenik, gure herriaren biziraupenerako berme bakarra (ezker abertzalea- ANV): independentzia. Horrekin batera, gatazka politikoa gainditzeko proposamena egin duen bakarra ezker abertzalea izan da: baldintza demokratikoen gainean eraikitako autonomiarena hain xuxen. Laburbilduz: Euskal Herriaren eskubideen aitortza edo zapalkuntza inposatzailea; izan ala ez izan.
Herri zahar honek, sufrimenduaz zerbait badaki. Euskal Herriko historian hitz horrekin orrialde gehiegi idatzi dira. Urtarrilaren hasieran, kale bazterretan ginenok, etxe zokoa aukeratu ez genuenok, bertzeak bertze, sufrimendua eta ezinegona topatu genituen. Hala ere, maitasun haundia igartzen zen ixuri ziren malko haietan. Herriak ez du egindako mina ahazten, ezta ahaztuko ere. Herriak ez ditu bere defentsan dabiltzaten lagunak ahazten. Maite zaituztegu lagunak! Orain inoiz baino gehiago konpromisoaren garaia da. Ez dezagun berriz estropozu egin eta akatsak errepikatu. Gure herriak konponbidea behar du eta jendartearen babesa duen proposamena ere badaukagu. Egin dezagun indarra bide horretan eta guztiok irabaziko dugu. Herriak irabazi behar du. Erabaki dezagun: izan ala ez izan.

Iban Maia Ormazabal - Lesakako ANVko hautetsia

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun