Inaxio Perurena 230 kiloko harria esku bakarrarekin altxatzen saiatuko da igandean Getxon

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 8a

Jaialdi berean, Urrezko Aizkolarien binakako txapelketaren finalerdiak jokatuko dira gazte eta elite mailan

Inaxio Perurena harrijasotzaile leitzarra marka berri bat ezartzen saiatuko da igande honetan, otsailaren 10ean, eguerdiko 12:15ean Getxoko Andra Mari probalekuan. Oraingoan, esku bakarrarekin 230 kiloko harritzarra bizkarreratzen saiatuko da. Oraindik bere aitak, Iñaki Perurenak altxatu zituen 267 kiloetatik urrun dago, hori baita gaur egun errekorra. Baina, eraberean, rankingeko hirugarren postuan dagoen Aimar Irigoienen 218 kiloetatik ere urruntzen da. Inaxio Perurenak berak, 225 kilo altxatuak ditu eta konfidantzaz beterik dago igandeko saiorako. Bortz minutuko txanda eta 230 kiloko harri zilindrikoa esperoan izanen ditu Getxon.

Binakako Urrezko Aizkoraren finalerdiak

Baina Getxoko herri kirol jaialdiak bertze ikusgarri ederrak ere izanen ditu. Izan ere, Urrezko Aizkolarien binakako txapelketako lehenbiziko finalerdiak jokatuko baitira, gazte nahiz elite mailan. Gazteen artean, Oihan eta Garikoitz Larretxea, Bera eta Arraiozko lehengusuak, Berriozarko Julen Kañamares eta Segoviako Jon Rodriguezen kontra ariko dira, faborito argirik gabeko lehian.

Larretxea-Atutxa, Nazabal-Mugertza II.aren kontra elite mailan

Kategoria nagusian, berriz, Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa gazte bizkaitarra, Floren Nazabal eta Ugaitz Mugertza mutrikuarraren kontra ariko dira. Batzuen ustez, aurreratutako finala da eta goi mailako norgehiagoka ikustea espero da. Orain arte ikusitakoa kontuan hartuz, Nazabal eta Mugertza II.ak faborito dirudite, baina Donato Larretxeak bere doaiak plazaratzen baditu lanak emanen ditu, Bizkaiako txapelduna lagun duela kontuan hartuz. Gainera, adituen ustez, Nazabalek lanak izaten ditu Donato arerio izaten duenean.

Kontuak kontu, ez dute lan erraza izanen Larretxeatarrek igandean Getxon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun