Gaur egun lurralde handietan gutxiengo diren herri indigenen kontrako politika basatiak nagusi dira munduan. Herri hauen kultura eta hizkuntzen aurka egiten dutenak. Honen ondorio zuzena da egunez egun ematen den hizkuntzen eta kulturen galera. Gure herrian ere, holakoak bizi ditugu. Politika hauen eredu lege antiterrorista edota estatu espainiarrak erabiltzen dituen metodoak dira. Honen harira aipatu beharra dago orain dela gutxi gure kide izandakoek, Igor Portu eta Mattin Sarasolak, jasandakoak. Bertze euskal herritar anitzek bezala ere espainiar estatuaren politika basatiak (lege antiterrorista, torturak eta abar) pairatu dituzte. Eta ez hori bakarrik, beraien senide eta lagunek dispertsioak dakartzan ondorio guztiak ere jasan beharko ditugu.
Euskal Herrian Euskaraz hizkuntza eskubideen alde lan egiten duen herri mugimendua da. Hizkuntza eskubideak giza eskubideen zati diren heinean eta herri mugimenduaren zati direnek haien oinarrizko eskubideak bermatuta ez dituztela ikusirik, Euskal Herriak Euskaraz-ek ere honen aurrean zerbait errateko baduela iruditzen zaigu. Euskal herritarron giza eskubideak bermatzea eta euskal presoentzako tratu duina beharrezkoa da, noizbait giza eskubideetan eta berdintasunean oinarritutako estatu demokratiko batean bizi nahi badugu.
Era berdinean, EHE nazio eztabaida guneko partaide eta Oinarrizko hitzarmen demokratikoaren sinatzaile izanik, ezin ditzake onartu inora ez garamatzaten neurri hauek. Neurri zapaltzaile hauek salatzera beharturik gaude hartutako konpromisoak bete eta benetako konponbide bat lortzeko.
Hau guztiagatik, euskaldun guztion oinarrizko eskubideak errespetatuak izan arte, euskara eta Euskal Herriaren alde lanean jarraituko dugu!
Lesakako Euskal Herrian Euskaraz