«Haur ezinduen anaiekin nola jokatu erakusteko tailerrak egingo ditugu»

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 8a

Beatriz OIARTZABAL Anfas elkarteko arduraduna TTIPI TTAPA

• Beatriz Oiartzabal Anfas erakundeak Baztan-Bidasoan duen arduraduna da. 2003az geroztik ari da hemen lanean.
• Atentzio Goiztiar izeneko programarekin hasi ziren, garapenean atzerapena duten edo jasateko arriskua duten 0-6 urte bitarteko haurrekin lanean.
• Urte berriarekin guraso zein haurrentzako tailerrak paratu nahi dituzte martxan. Epe motzera, ezintasuna duten senideekin lan egiteko programa landu nahi dute.

Duela bortz urte hasi zineten Atentzio Goiztiar programarekin. Zein balantze egiten duzue?

Balantzea oso positiboa da. Gainera, Atentzio Goiztiar programatik atera dira orain eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak. Beraz, programaren balorazioa eta horrek ekarri dituen ondorioak ere oso positiboak dira.

Bertze ekimenen artean, udan udaleku irekiak egin zenituzten...

Bai gurasoek udara begira zerbait eskatu zutelako atera zen ideia hori. Hiru astetan egin genituen, uztail bukaeran eta abuztu hasieran. Aisialdiaren inguruan beraien neurrira egokitutako ekintzak eskaini zitzaizkien: igerilekura joan, zaldian ibili, errekan bainatu, eskulanak egin... Eguraldiak laguntzen baldin bazuen kanpoan egiten genituen ekintzak eta bestela barruan. Ez genekien jendeak nola erantzungo ote zuen baina zenbaki polita lortu genuen, bozpasei gaztetxo.

Ikasturte honetan, bertzeak bertze, guraso tailerra egiten duzue Lesakako erabilera anitzeko aretoan...

Gurasoei espazio bat eskaintzeko helburuarekin abiatu genuen programa hori. Euren dudak galdetzeko, euren beldurrez hitz egiteko, norberaren esperientziak kontatu eta ondokoaren entzuteko espazioa behar zutelako. Orain, hilabetean behin elkartzen gara, printzipioz, 17:30etik 19:00etara, baina beti luzatzen da. Batzuetan aurretik prestatutako gaiak lantzen ditugu, eta besteetan beraien eskaera oso garbia da.

Zein dira gurasoen kezka nagusiak?

Azken batean, edozein gurasok dituzten kezkak dira: «zer egingo du nire semeak?», «ongi ote dago eskolan?», «eta eskolatik ateratzerakoan nora joango da?», «zein autonomia maila izango du?». Duda konkretuagoak dira, baina guraso askok dituztenak.

Informazioa eta aholkularitza zerbitzua ere baduzue. Nola funtzionatzen du horrek?
Aurten ere martxan paratuko dugun proiektua da. Hori ere gurasoekin egindako bileretatik ateratako ekimena. Hilabetea behin Kontxi Urroz Anfaseko aditua etortzen da informazioa, laguntza eta aholkularitza zerbitzu bat eskaintzera, ezintasunaren inguruan informazioa eta babesa emateko.

Eta epe motzera begira, Anai Ttikien Tailerra. Azaldu... Guraso batzuek ezintasuna duten haurren senideekin nola jokatu behar duten ondo ez dakitelako kezka azaldu zuten. Kalean anaiaren ezintasunaren ondorioz burlak izaten badituzte, nola defenditu? Hori lantzea da helburua. Taldea osatua dago eta hemendik gutxira martxan jarriko da.

Egokitzapenerako Gaitasuna, eskuartean dagoen bertze egitasmoa...
Atentzio Goiztiar programak 6 urte bitarteko haurrei eskaintzen die zerbitzua, baina askotan sei urte beteta ere jarraipena behar dute. Eskaintzeko aukera dagoen beste programa bat da hori. Ilusio haundia dugu proiektu hauek guztiak martxan paratzeko, eta zonaldean honi indarra eman nahi diogu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun