Bidasoaldeko eraikuntza proiektu guziak tramitatuko dituen bulegoa irekiko da Donezteben

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 8a

Nasursa elkarte publikoak kudeatuko du, Juansenean lehenik eta Merkatarien Karrikan gero

Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren menpe dagoen Nasursa, Navarra de Suelo Residencial Sociedad Anonima elkarte publikoak deituta, Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerreka aldeko udal ordezkariak Doneztebeko Herriko Etxean bildu ziren ortzegunean, otsailaren 7an, arratsaldeko 6etatik aitzinera.

Bilera honetan, erakunde honek Donezteben irekiko duen eta Bidasoalde guziari zerbitzua emanen dion bulego berria aurkeztu zuten. Bertze zenbait jardueren artean, bulego honetan, etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko proiektu guziak tramitatuko dira. Hasieran hiru langile ariko dira, administraria, arkitekto teknikoa eta arkitektoa. Bulegoa otsail erdirako irekitzea espero dute Doneztebeko Oteiza auzoan dagoen Juansenean. Baina Nafarroako Gobernuak Doneztebeko Herriko Etxearen parean, Merkatarien karrikan daukan egoitzan moldaketak egin ondotik, bertan jarriko omen dute NASURSAren bulegoa, Miguel San Miguel alkateak aipatu digunez.

Hain zuzen, bulegoa Merkatarien karrikan jartzea eskatu zuen Doneztebeko udal korporazioak, herriari bizi gehiago emateko helburuarekin. Baita lortu ere. Beratik hasi eta Urdazubi edo Ezkurra bitarteko bizilagunak Doneztebetik pasatu beharko dute gestioak egitera, eta horrek, karrika giroa berpiztuko duela prentsatzen dute Herriko Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun