Otsailaren 7an, ortzegun goizean prentsaurrekoa eskaini zuten Doneztebeko pisu tutelatuen boluntarioen sarea sortu nahi duten taldeek. Bidelagun elkarteko Isidro Herguedasek denen izenean solas egin zuen eta Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin mugitzen diren talde sozialak antolatutako ekimen bateratua aurkeztu zuen. Iazko ekainetik elkartuz joan dira talde guztiek duten behar bateri erantzuna bilatuz: boluntarioak. Elkarte guztiak lanean ari dira sozial mailan, inguruko beharrei erantzun bat eman eta gizon emakumeen bizia arindu nahian. Programa batzuk boluntarioak behar dituzte haurrekin egoteko, xaharrak eta eriak laguntzeko, etorkinei esku bat luzatzeko.
7.000 eskuorri
Hilabete batez, martxoaren 8ra arte, boluntarioak biltzeko kanpaina eginen dute eta horretarako 7.000 eskuorri banatuko dituzte, “Bizitzak baditu oraindik ezagutzen ez dituzun bideak, Etorri gurekin!” izenburupean.
Azkenik, talde bakoitzak dituen beharrak adierazi zituen. Lehenik, Xauli taldeko Irantzu Izetak aipatu du larunbatetan ezindu psikikoekin biltzen direla aisialdia betetzeko. Hainbat ekintza gauzatzen dituzte: eskulanak, zinera ateraldiak eta bertze. Hiru lagun aritzen dira, 12-15 ezindu bilduz. Taldea egonkorra da eta 10 urteren ondotik, jende gehiagoren beharra dute. Taxi batean bila joaten dira eta momentuan garraioaren arazoa moldatua dute. Marisa Amunarriz Sahararen aldeko taldeko kideak udan haurrak hartzeko familiak behar dituztela aipatu zuen. Ondotik Aspaceren izenean Isabel Pardo eta Leire Satrustegi aritu ziren. Gazte eta umeekin jarduerak aurrera eramateko jendea behar dute aste tarte eta larunbatetan. Lau lagun aritzen dira eta hartuko duten jendea biltzen den boluntarioen araberakoa izanen omen da. Isidro Herguedasek Bidelagunen izenean hainbat kontu agertu ditu. Adinekoak Iruñera eta eskualdera medikura eramateko behar dute. Gidariak behar dituzte auto propioarekin. Etorkinei gaztelaniazko klaseak emateko eta ospitaleratuak daudenean adinekoak bisitatzeko. 60 boluntario ari dira eta iaz gizonak bakarrik eraman zituzten mediku kontsultetara. Aipaturiko puntu garrantzitsua adinekoek duten pobrezi maila da. %30 maila horretan daude eta hainbat gastuei ezin diete aurre egin.
Elkarrizanen izenean Marian Biurrarena aritu zen. Elkartea Beran sortu zen eta urtean zehar zaharrekin egiten dituzten ateraldietarako bolondresak behar dituzte. Joxan Subizarrek Caritas elkartea ordezkatu zuen. Kristau elkarte baten adierazpen soziala omen da elkartea eta pisu tutelatuetan daudenei lagundu nahi diete, baina etorkizunean ekimenak aurrera eramateko gogoz. Beatriz Oiartzabal Anfaseko eskualdeko ordezkariak taldea berria izanda, beraien helburua udako kanpaldi edo udaleku irekietarako jendea lortzea da. Haur bakoitzeko boluntario bat behar omen da, eta kopuru hori lortzea zaila dela erran du. Anasaps-Dizdira elkartean ere laguntzaileak behar dituzte, arazo psikikoak dituztenen senitartekoei laguntzeko.
Orain bakoitzak hausnartu dezan eta erabaki bertzeei zenbat denbora eskaini nahi dien. Horretarako borondatea duenak Bortzirietan Elkarrizanen 635005266 telefonora deitu behar da eta bertze eskualdeetan 948 581327ra edo Bidelagunen 679 435174 telefonora.