Otsailaren 7an, ortzegun goizean ELA sindikatuak batzarra egin zuen Doneztebeko erakusketa aretoan. Goizeko 10etan elkartu eta egoera aztertu dute. Ondotik, goizeko 11:45ean prentsaurrekoa eskaini dute. Parte hartzaileak honakoak izan dira: Joxe Mari Arribillaga Herri baturakoa, Igor Eizagirre Oarso- Bidasoako arduraduna eta Mitxel Lakuntza Nafarroako arduraduna.
Sindikatuen lana enpresetatik gizartera
Lehenik eta behin, Mitxel Lakuntzak hitza hartu du. Ortzeguneko batzarrean gizarte eredua landu dutela aipatu du. Normalki, sindikatuen lana enpresekin lotzen dela aipatu du, baina orain kanpora atera nahi dutela adierazi du. Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoko Herri baturetan batzarrak egin dituzte delegatuekin. Nafarroan orain bi aste egin dute eta besteak beste osasun arloari buruzko hausnarketa egin zuten. Bertzalde aldizkari bat argitara eman dute eta denetara 80.000 ale banatu dira etxez etxe. Ortzeguneko batzarrean etxebizitza, hezkuntza, zerbitzu publikoak…gaiak jarri dituzte mahai gainean. Bi gizarte daudela erran du, enpresari eta aberatsena eta langile eta gehiengoarena. Gobernuak bultzatzen duen politika ezinbestekoa omen da alde batera edo bestera jotzeko. Zergei dagokienez, Nafarroa eta Europa artean 10 puntuko aldea omen dago. Biltzen dena ez omen da erabiltzen gastu sozialetarako eta Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa azken postuetan ageri omen dira.
Eskualdean haur eta adinekoentzak lekuak eskas
Ondotik, Igor Eizagirre aritu da. Bere erranetan, Nafarroako Gobernuak 113 miloi euroko superabita omen du gabezi sozialak estaltzen ez diren bitartean. Azkenik Joxe Mari Arribillagak hitza hartu du. Eskualdean haur eta adinekoen datuekin ikerketa bat egin dutela agertu du. 75 urtetik gorakoak 2.000 omen dira eta erresidentzietan dauden tokiak aunitzez ere gutxiago. Baztanen momentuan 270 plaza daude. Dena dela 2.000 lagun horiek ez omen dute dependentziarik, baina etorkizun batean izanen dute. Bertze arazo bat haurtzaindegien plazen kopuruan dago. 550 haur omen daude eta tokiak 115 dira. Baztanen berri bat eraikitzen ari dira 90 haurrentzako tokia izanen duena eta Malerrekan ere berri bat eraikiko denaren zurrumurrua zabaldu da.
Ondotik parte hartzaileek kontzentrazioa egin dute autobus geltokian.