Inauterietan zozketatutako zerriaren jaberik ez da agertu oraindik Sunbillan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 7a

Bigarren zenbaki bat atera dute eta astebeteko epea izanen da saria eskuratzeko

Sunbillako inauterietako igandean zozketatutako zerriak oraindik ez du jaberik. Lehenbizi saritutako zenbakia agertu ez denez, berriz ere zozketa egin du Ulibeltzak elkarteak. Honela, 5.374 zenbakia duen txartelari egokitu zaio orain zerria. Zenbaki honen jabea otsailaren 12rako agertzen ez bada, bigarren zenbaki bat ere atera dute, 1.332a. Honek bertze astebeteko iraupena izanen du eta hau ere ateratzen ez bada, hirugarren zenbakira, 2.026ra pasatuko da. Honen jabea ere astebetean aterako ez balitz, bertan behera utzi beharko litzateke zozketa.

Sunbillako Guraso Elkarteak zuzendaritza batzordea berritu du

Sunbillako inauterietatik eskolako kontuetara pasatuz, joan den urtarrilaren 21ean, Sunbillako eskolako gurasoek bilera egin zuten. Bilera horretan, datozen bi urteetarako zuzendaritza batzorde berria aukeratu zen. Ordurartekoek karguak utzi eta honela banatu dira lanak: lehendakaria Amaia Arretxea izanen da; lehendakariordea Koro Zelaieta; idazkaria Idoia Zugarramurdi; bokalak Aitziber Marizkurrena eta Jaione Otxandorena. Heldu diren bi urteetan, Guraso Elkarteko kide berriek eskolako gaiez gain, Olentzero, Errege kabalgata, inauterietako haurren karroza eta joan den urtarrilaren 7an martxan jarritako eskolako jangelaren ardurak hartu dituzte.

Eskolako jangela berriz ere martxan

Izan ere, hilabetetan harat eta honat ibili ostean, Udala, Enplegu Bulegoa, Nafarroako Kutxa eta Guraso Elkartearen laguntzarekin, urtarrilaren 7an eskolako jangela martxan jarri zen. Beheko eskolako goiko solairuan konponketa batzuk egin ziren eta bertan jarri dira sukaldea eta jangela. Momentuz, 13 haur joaten dira bertara bazkaltzera, baina datorren irailetik aitzinera, hau da, ikasturte berria hastearekin batera, haur gehiagok izena emago dutela espero da. Hala ere, egunero joaten diren haurrez gain, nahi duenak tarteka ere eraman ditzakete beren seme-alabak. Horretarako aitzineko egunean, jangelako sukaldaria den Rakel Urtxegiri abisatzea nahikoa izanen da.

Orientazio ikastaroa otsailaren 11tik 15era

Kirolarekin eta mendiarekin lotutako kontuetara pasatuz, datorren otsailaren 11tik 15era, astelehenetik ortziralera, arratsaldeko 6:30etik 8etara, lehenengo urratseko orientazio ikastaroa izanen da Ulibeltzak Elkartean. Irakaslea Jose Ignazio Murua izanen da eta ikastaroan izena ematen duen bakoitzak ondoko materiala eraman beharko du: transportadorea, erregela, iparrorratza, lapitza eta goma. Izena Itturburun, Fondan edo Ariztigain kanpalekuan jarriko diren zerrendetan eman beharko da, otsailaren 10a baino lehen. Bertze aldetik, Sunbillaren izena daramaten txirrindularientzako maillot berriak egiteko asmoa dago. Interesa duenak herriko ostatuetan paratuko diren zerrendetan eman beharko du izena.

Santiburtzio bestak prestatzen hasteko bilera larunbatean

Sunbillako kontuekin akitzeko, oraindik urruti baldin badaude ere, Santiburtzio bestak antolatzeko lanak hasiak dira. Larunbatean, otsailaren 9an elkartuko dira Antrotoki, Sunbillako gazteak, Guraso Elkartea, Antzakaitz Kultur Taldea eta Udaleko arduradunak aurtengo bestak prestatzeko. Arratsaldeko 17:00etan izanen da bilera, Ulibeltzak Elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun