Eskualdeko pilotariak bikain ari dira Nafarroako paleta goma txapelketan

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 7a

Lesakako txapeldunek, Imanol Telletxea lesakarrak eta Guillermo Antxordoki igantziarrak erraz irabazi dituzte jokatutako bi partidak. TTIPI TTAPA

Lehen mailako bi bikoteek eta bigarren mailako batek finalerdietarako txartela segurtatua daukate

Lesakako Batzoki elkarteak antolatzen duen paleta goma txapelketatik ateratako lau bikote ari dira parte hartzen Nafarroako txapelketan. Orain arteko emaitzak hagitz onak izan dira eta, lehen faseko jardunaldi bat falta baldin bada ere, dagoeneko hiru bikotek lortu dute finalerdietarako txartela.

Bi jardunaldi jokatu dira. Urtarrilaren 26an, Iruñean, bigarren mailan, Etxenike eta Iñarreak 22 eta 30 galdu zuten Etxarte eta Esparzaren kontra, baina Oskariz eta Berhok 30 eta 28 irabazi zieten Garate eta San Martini. Lehen mailan, berriz, Guillermo Antxordoki igantziarrak eta Imanol Telletxea lesakarrak, aurten Lesakako txapeldunek, alegia, 30 eta 18 irabazi zieten Blasco eta Zubiriri. Iñigo Rodriguez eta Josu Almandoz lesakarrek, berriz, doi-doi, 30 eta 29 irabazi zieten Celorrio eta Lladori. Aipatzekoa da iaz bigarren mailako txapeldun izan zirela Iñigo eta Josu.

Otsailaren 2an Lesakan jokatutako jardunaldian, inguru honetako bikote guziek garaipena lortu zuten. Honela, bigarren mailan, Oskariz eta Berhok 30 eta 12 irabazi zieten Perez eta Espinali eta Etxenike eta Iñarreak 30 eta 16 irabazi zieten Simon eta Lorenteri. Lehen mailan, Antxordoki eta Telletxeak 8 tantutan utzi zituzten Paris eta Lopez, eta Rodriguezek eta Almandozek 30 eta 25 irabazi zieten Merindano eta Sanchezi.

Erran bezala, asteburu honetan jokatuko dira hasierako ligaxkako azken partiduak eta dagoeneko finalerdietarako txartela lortua dute lehen mailako bi bikoteek, Antxordoki eta Telletxeak, eta Rodriguez eta Almandozek. Bigarren mailan ere, bi partidak irabazi dituzten Oskariz eta Berho finalerdietan daude eta azken jardunaldi honetan garaipena behar dute Etxenike eta Iñarreak finalaurrekoetan sartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun