Inauterietako asteartea umore ederrean ospatu zuten Etxalarren

Goizalde URDANPILLETA 2008ko otsailaren 6a

Etxalarko lehen zinemaldiko aktoreek xarma eta glamourra hedatu zuten herriko karriketan. TTIPI TTAPA

Eguerdian karrozen desfilea egin zen eta arratsaldean ginkana

Inauterietako Astearteak oso bestelako itxura izan du, gutxienez eguraldiari dagokionez. Eguna polita ernatu da eta goizeko 9ak pasetarako hasi dira lehen suziriak botatzen Etxalarren. Astelehenean eskea grabatzeko gogoz geratu ginen, eta nahiz eta herriko desfileak bertzelako itxura izan, jendearen parte hartzea ikusgarria izan da. Eguerdiko 12etarako hitzordua paratua zuten, baina orduan soilik bakar batzuk zeuden plazan, gehienbat haurrak. Pailazo batzuk ikusi ditugu globo erraldoiekin konfetiak etengabe botatzen. Gaztelu handi bat iritsi da traktore batek tiraka. Erdi aroko jantzi eta ikurrak dituzte. Haur eta helduak daude, baina hori bai, haur gehienek bidea orga gainean egin dute.

Karroza aunitz

Ondotik “Etxalarko 1.go zinemaldia” zioen matrikula zeraman autoa ikusi dugu. Neska dotore eta pinpirinak jautsi dira bertatik. Holliwoodeko aktoresen pare beraien xarma eraman dute Etxalarreraino. “Euskal Herriko jaima” pankartarekin beste hau ere sartu da. Barrenean arabiarrak, bai neskak eta bai mutilak. Ez ziren batere galtzen eta kupel handia eta guzti zuten barrenean. “Etxalarko eskola. Aupa apaiza” kartela irakurri dugu beste orga honetan. Garai bateko eskolen itxura hartuta, idazmahaia, mojak, eskuetan zigor modura emateko makilak…Haurrek beldur pixka bat zioten mojari eskolatik jaitsi eta lasterka gibeletik joaten baitzen. Buztan-enea izena du ehiztari hauen txabolak. Etxalarren zerbait ez bada falta, hori ehiztariak dira eta aitzakia bikaina da orga batean ateratzeko. “Izturin tradizioa” dio daramaten kartelak. Mutil koadrila honek atera du, baina osagarri moduan guardia zibilaren patruila hau zuten. Matrikulan PGC 6969N agertzen zen eta natura babesteko agenteak omen ziren. Bozina etengabe jo dute eta motoarekin bazter guztietara iritsi dira. Ehiztarien orga zeraman gidariari ere paperak eskatu dizkiote, eta baita guri ere. Etxalarren ez nuen pentsatzen ospitalerik bazenik, baina garbi dago beti zerbait berria ikasten dela. Etxalarko ospitaleko erizaina, eria…Eta gibelean moto bat anbulantziaren pare beste eri bat eramaten. Ospitalearen gibeleko aldean “Apuruk 112” txartela ikusi dugu. Polizia koadrila bat eta kartzelako gatibuak ere auto baten barrenean zeuden. Ez dakit San Francisco hirian kokatua dagoen Alcatraz kartzelakoak ote ziren edo, baina beraien arropa marradunek horixe ekarri digute burura. “Zorro” mozorroa aukeratu dutenek ere ez dute hutsik egin beraien sable eta guzti. Hauek oinezkoak ziren, denak ez baitira orgen barrenean edo inguruan ibili. Herriko etxeko plazatik atera da desfilea eta Iñarreta kaletik ezkerrera hartuz maldan gora hartu dute. Guraso eta ikusleek orgak jarraitu dituzte. Gurutzean pare bat lagun “jaima” orgatik atera eta pintxoak eta edaria banatzen hasi dira ikus entzule guztien artean. Denek ederki mugitu dute matrail hezurra eta goxoak zirela aipatu ere, “piper berdeekin, zeinen ona!”. Trikitilarien laguntzaz ibilbidea osatu dute hauek ere “fruta da pintxo osasungarriena” zioen pankarta zeramaten, aldarrikapena eginez. Marrubi goxo eta zaporetsuak musika jotzen aritzea…harrigarria? Desfilea zabaltzen Etxalarko garbitzaileak zeuden “Barren eruk”. Bizikleta gainean beharrezko gailu guztiak eramaten zituzten eta beste batzuk herrestan. Dena dela kontuz ibili behar zen, deskuidatu orduko mangerarekin ura botatzen baitzuten. Plazatik pasa eta Antsolokueta auzoan bertze pausaldia egin dute. Bertan berriz ere jan-edariak banatu dituzte. Ez dago batere gaizki desfile hau jarraitzea, ikusleek ere tripak betetzen dituzte eta. Geldialdi honetan Etxalarko garai bateko eskolako haurrek soka-saltoan aritzeko aprobetxatu dute eta beste gainerakoak ere orgetatik atera eta solas eta solas aritu dira. Berriz ere denak igo eta plaza aldera jo dute. Jendeak ez du umorea galdu eta bestak jarraitzeko animu guztiarekin daude.

Gazteen Ginkana arratsaldean

Asteartean arratsaldeko 18:30ak aldera inauterietako ginkana egin zuten Etxalarren. Lehenik taldeak osatu zituzten eta megafonia bidez, honen berri eman zuten. Bideratze lana egin zutenek nahiko komeri izan zuten parte hartzaileei frogen berri ematen. Lehenengoan taldeko bi partaidek hartu zuten parte. Biak frontoiaren bi muturretan jarri ziren. Lehenengoak zinta luzeak jarri zizkion bigarrenari. Besoetan, hanketan…eta baita buruan ere. Hortaz, poliki-poliki gorputz osoa zintaz estali zieten. Paretan emaitzak apuntatzen joan ziren jende guztiak jarraitu ahal izateko. Bigarren frogan zintak baliatu zituzten parte hartzaileei begiak estaltzeko. Hiru ziren lehiatu behar zirenak, baina hauetatik bik soilik ez zuten batere ikusten eta erdikoak beste biak gidatzen zituen. Frontoiaren beste muturrean ur botilak jarri zituzten eta bertara iristean ahalik eta ur trago handiena hartu eta hustu behar zuten edalontzia zegoen tokian, alegia, ahoa urez bete eta lasterka joan bidean batere galdu gabe. Marra bat jarria zuten edalontzian eta bertara iristen zen lehenak irabazi zuen. Segidan, frontoi erdian borobilean aulkiak jarri zituzten. Musika piztu eta aulkien inguruan dantza egin behar zuten. Hori bai, ohiko aulki dantzetan bezala, hemen ere musika gelditzean, aulkian jarri behar ziren. Beraz, tokirik gabe geratzean, kanpora! Nahiko lehia egon zen parte hartzaileen artean eta ipurdikoak hartzeko punttuan egon ziren. Frogak ikusteko jende franko hurbildu zen frontoira, eguraldia lagun baitzen. Poliki-poliki borobila txikitzen eta parte hartzaileak gutxitzen joan ziren. Baina bukaeran aulkietatik hurbil egon nahi zuten eta kanpoan zen batek ezpata baliatu zuen urrun arazteko. Irabazlea Olatz izan zen. Puntuak batzeko nahiko lan izan zuten!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun