Joan den urteko abenduko ildoari eusten dio langabeziak eskualdean eta 2008ko ilbeltzean ere nabarmen goiti egin du Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana duten langabetuen kopuruak. 2007 urtea eskualdean 598 langabeturekin akautu baldin bazen, urtarril hondarrean 118 gehiago ziren, 716. Honek, kasik %20aren igoera suposatzen du langabetu kopuruan. Aipatzekoa da, estatu osoan Nafarroa dela urtarrilean langabezia gehien igo den komunitate autonomoa, 2.190 langabetu gehiagorekin eta Nafarroaren barrenean, Doneztebeko bulegoa da, portzentaian bederen, igoerarik handiena somatu duena.
432 lan-kontratuetatik 75 bakarrik mugagabeak
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 432 kontratu gauzatu ziren urtarrilean, baina horietatik 75 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak. Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta igoera gehiena somatu dutenak, 412 baitira adin tarte horretan lanik gabe dauden emakumeak, iazko abenduan baino 65 gehiago. Dena den, 25 urtetik goitiko gizasemeek ere somatu dute langabeziaren igoera, adin tarte horretako 223 gizaseme baitaude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 34 gehiago. 25 urtez beheitikoen artean ere goiti egin du langabeziak eta 38 emakume eta 43 gizon daude lanik gabe, abenduan baino 11 eta 8 gehiago, hurrenez hurren.
Langabetu gehien zerbitzuen arloan
Lan arloei dagokienez, guzietan igo da langabezia, baina zerbitzuen arloa da, diferentziarekin langabetu gehien biltzen dituen arloa, 474 langabeturekin. Abenduan baino 72 langabetu gehiago biltzen ditu zerbitzuen arlo honek. Industrian 166 langabetu daude, abenduan baino 38 gehiago; eraikuntzan 43, abenduan baino 5 gehiago; nekazaritzan 12, abenduan baino 1 gehiago eta aitzinetik lanik topatu ez duten 21 lagun daude lanik gabe eskualdean, abenduan baino 2 gehiago.
Iaz garai berean baino kasik ehun langabetu gehiago
Joan den urteko ilbeltzeko datuei erreparatzen badiegu, aurten kasik ehun langabetu gehiago daude eskualdean. Iaz 620 ziren, aurten 716. Beraz, ilbeltzeko malda langabezian ere somatu dela erraten ahal da.