Otsailaren 2an, larunbat arratsaldeko 16:30ean inauterietako desfilea iragarrita zegoen Donezteben. Iaz Aparandik atera zen eta aurten ere halaxe gertatu da. Jende multzoa hurbildu da bertara eta egia errateko ez du atzerapen handiegirik izan 16:45ean martxan jarri baita. Foruzaingoak bere laguntza eskaini du eta Parrokia kalea moztu dute orgak lasaitasunez ibil zitezen.. Herriko ibilbidea gidatzen alkatea eta udaletxeko zinegotziak aritu dira. Beste urteetan baino parte hartze handiagoa ikusi dugu. Bai desfilean, bai ikuslego aldetik ere. Egia dena da orga gehienak Aparandik atera direla, baina batzuk bidean bat egin dute. Eta orgez gain, gai ezberdinetako autoek eta oinezko kuadrilek ere parte hartu dute. Hala, erran daiteke Doneztebeko desafilea denei zabaldua dela eta ez dela orgetara mugatzen. Lehen orga raperoena izan da. Hasieran zalantzak izan ditugu eta pentsatu dugu NBA edo beste toki bateko saskibaloi jokalariak izan zitezkeela, baina ez..
Hainbat karroza ikusgarri
Ondotik arabiarrek bat egin dute. Hauek zehazki ez dira Aparandik atera, baina azken finean hori gutxiena da. Ptsatuko duzuen moduan denak mutilak ziren eta arabiar emakumeez mozorrotuak. Golf jokalari finak ere gure artean izan ditugu. Bera sofistikazio guztiarekin pilotak harat honata ibili dituzte. Ez dakit Pedro eta Bilma edo bere lagunak ote ziren, baina “Troncomobil” bat eta Harriketarrak irudikatu dituzte neskak ere baziren. Hezurra buruan eta garrotea eskutan. Auskalo zer eginen ote zuten. Erromatar kuadrila bat ere bertaratu da inauterietara. Beraien lantzak eta guzti Zesarra babesten ari ziren. Hau lasai asko bere orgatxoan zegoen xehetasun bat bera ere galdu gabe. Eta lurralde urrun batetik, oraindik ere urrunago dagoen beste batera: Afrikara. Bertatik ez dakigu zuluak edo masaiak ote ziren, baina gauza serio hartu dutela bai. Haur hauek kezkatuta zeuden, nonbait ez baitzuten Nemo aurkitzen. Hortaz, neoprenozko jantzia paratu eta urpekaritza egiteko prest zeuden zodiak honetan. Aipatu bezala, denak ez ziren orgak eta kasu honetan auto honetan 70 hamarkadako pasadizo gogoangarria ekarri digute burura: Greasse filma. Zenbat denbora ez ote genuen zinemetan ilada luzeak egiten Jhon Travolta eta Olivia Newton Jhon ikusteko? Marokoar batzuk dena merke-merke zutela ere erran digute. Autoa galdu zutenaren sentsazioa izan dut, baina bapatean erabat nasita ikusi dugu, hor nonbait. Bidelagun izeneko Pub ibiltaria ere izan dugu. Ostatua eta barra baten inguruan dantzan aritu dira neska gazte eta bezero hauek. Ziur ez zutela gauza onik! Maripaqui Renovables izeneko kartela irakurri dugu. Bi emakume pinpirin moto batean eta beraien gibelean haize errota bat. Hauek ere energia berriztagarriak proposatu dizkigute, haizeraren indarra aprobetxatu ahal izateko. Haize errota bitxiak zituzten motoaren bolantean, ez dakit nahiko ote ziren honek martxa hartzeko. Traktorea inauterietako orga bat izan zitekeela ez genuen pentsatzen ere, baina begira nola diren gauzak, halaxe izan da. Baserritar hauek ez dakigu lanean ari ziren edo igandeko arropak erakusten. Sorgin batzuk ere ageri ziren beraien edabe majikoak prestatzeko eltze izugarriarekin. Badaezpada ere urrundu gara, bestela agian barrura sartu egiten gaituzte afrikarrek gizon batekin egin duten moduan. Doneztoko konbentua zioen kartela irakurri dugu auto batean. Barrenean apaiza eta monja kuadrila bat. Ez dakigu konbentua egitea aldarrikatzen ari ote ziren edo garai bateko kontuak. Dena dela, aitzakiak ere behar dira inauterietako mozorroak egiteko...
Haurrek ere parte hartu dute modu batera edo bestera. Gehienak kuadriletan atera dira beraien gurasoekin, baina kasu honetan gazte hauek bere mozorroa atera nahi izan dute. Saskibaloi jokalariak irudikatu dituzte eta gainera saskiratu ahal izateko beharrezko guztia zeramaten. Ez ziren gutxi, agian partidu batean joka dezaketek baino gehiago, hori bai. Tartean herritarrak sartzen ziren eta hortxe ikusi ditugu punk neska gazte hauek. Ilea berde-gorria edo naranja, tatxuelak edonon, ezpainak beltzak eta besta egiteko gogoz. Oso bestelako itxura erakuitsi dute sevillarrek. Bidai luzea egin dute Sevillatik eta gainera, kontutan hartu behar da han ez duela hemengo hotza egiten eta beraien jantziak nahiko eskas geratzen direla. Ikusgarria iruditu zaigu egiz trena. Gainera ez zen nolanahikoa, lurrunezkoa baitzen. Honen inguruan haurrak eta guraso aunitz zeuden. Trenak 941 zenbakia zeraman, ez dakigu urtea zen edo makinaren zenbakia. Estazioko nagusiak paso eman eta orduantxe jartzen zen martxan. Bidaiari franko zituen barrenean eta batzuk kanpoan zain zeuden. Larunbatean egiten zuen hotzarekin zail gertatu zitzaigun Hawai irudikatzea, orga honetan saiatu ziren arren. Musika baino zertxobait gehiago lurralde urrun hortako arropak jartzeko. Inauteri aroa garai aproposa izaten da lagunekin elkartu eta tragoxka batzuk hartzeko. Eta pentsa, kamarerak bidera ateratzen badira, aunitzez ere hobe. Orgatxo txikian denetarik erameten zuten eta guretzat aproposa zintzurra zertxobait idortzen bazaigu. Inauterietan ohiko mozorroa izaten da pailazoena. Baina kasu honetan ez dira nolanahiko pailazoak izan. Arropa ikusgarriak zituzten eta lastima izan da beraien showa galtzea. Jokatzeko gogoarekin ikusi ditugu bertze hauek. Partxis jokoa ekarri dute orga honetan eta hala, lau urdin, lau hori, lau berde eta lau gorri zeuden. Hori bai, ez dizuet erraten ahal nork irabazi duen.
Ameztia parean lehen geldialdia
Ameztia parean lehen geldialdia egin dute eta hortik aitzinera nekosoa izan da desfilea egitzea. Batzuk geldirik besteak zain zauden bitartean. Ba hori bai, orgak lasaiago ikusteko aukera izan dugu eta jendearekin solas egiteko. Ohore handia izan da Albako dukesa Donezteben ikustea. Auto dotorea ekarri du txofer eta guzti. Autoaren matrikulak bere izen bera zeraman eta 1931. urtekoa zen, edo benpin hala agertu dute. Renault K35a omen zen.
Txarangak ere bat egin
Eta erne guardia zibilaren autoa ere ibili baita Donezteben. Tricornio eta guzti Renault 4 hau erabili dute eta honek ez zuen inolako zerikusirik dukesaren ibilgailuarekin. Eskerrak ez diren autotik aunitz atera, bestela alcohol froga egiten hasi eta bat baino gehiago batere punturik gabe geratuko zen. Simpson familia ere paseoan ikusi dugu. Eta txarangak bat egin du desfilearekin, nahiz eta aunitzek beraien orgetan zituzten gailuekin nahiko erotu. Eguraldia lagun, desfile polita eta jendetsua ikusi dugu Donezteben.