Anai ttikien tailerra eskainiko du ANFAS erakundeak Lesakako egoitzan

Aitor AROTZENA 2008ko otsailaren 1a

Beatriz Oiartzabal da ANFASeko arduraduna eskualdean. TTIPI TTAPA

Sei urte bete dituzten umeak egokitzapenerako gaitasuna programan sartzeko asmoa dute

Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Nafarroako Elkartea da ANFAS. Duela 47 urte, 1961garren urtean sortu zen Iruñean. Geroztik, XXI. mende hasieran, Nafarroa osora hedatu da eta gaur egun 2.600 bazkide inguru ditu, horietatik mila inguru adimen urritasuna duten pertsonen senideak. ANFASen helburua, adimen urritasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta garapen pertsonala hobetzea da, baita gizartean beraien partehartzea bultzatzea ere. Beatriz Oiarzabal irundarra da Anfaseko arduraduna eskualdean. Duela bortz urte, 2003an hasi ziren atentzio goiztiar planarekin inguru honetan, Lesakako osasun etxean eta orain arteko balantze hagitz positiboa egin du: “2003an hasi ginen atentzio goiztiar programa edo zerbitzuarekin eta horren ondoiroz atera dira bertze zerbitzu guztiak. Programaren balorazioa bera oso positiboa izan da, baina horrek ekarri dituen ondorioak ere oso positiboak izan dira”.

Udaleku irekiak Donezteben

Bertze zenbait ekimen gauzatzen ere hasi dira poliki-poliki. Joan den udan udaleku irekiak egin zituzten Donezteben, gurasoen eskariz: “Haurrak guregana etortzen dira atentzio goiztiar programa horrekin eta guk harreman zuzena dugu gurasoekin. Eta erran ziguten udara begira zerbait ote genuen galdetu zigun, eta horren harira, joan den urtean lehenengo urtez Donezteben udaleku irekiak egin ziren. Hiru astetan egin genituen, uztail bukaerako bi asteak eta abuztuako lehenengo astea, eta eskaini zitzaiena: Doneztebeko mankomunitateak utzitako lokal batean elkartzen ginen eta goizero 10etan elkartu eta 13:00ak arte. Behin edo zaldiekin ibiltzera joan zirelako luzatu egin zen eguna baina beno. Udalekuak eskaintzen ziren; Aisialdiaren inguruan beraien neurrira egokitutako ekintzak eskaini zitzaizkien. Piszinara, zaldian ibili, errekan bainatzen aritu, eskulanak… Eguraldiak laguntzen baldin bazuen kanpoan eta bestela barruan. Hurbildu ziren 5-6 haur, 3-4 bortzirietakoak, 2 doneztebekoak. Eskaera egina zegoen, baina ez genekien jendeak nola erantzunen ote zuen. Azkenean zenbaki polita lortu zen eta gustura. Furgoneta bat ere lortu genuen bortzirietakoak doneztebera eramateko. Anfasek Nafarroan gune ezberdinak ditu eta guk eskualde hau bildu genuen”.

Gurasoen tailerra Lesakan

Lesakako Udalak, Antoiu karrikaren 27an utzi dien lokala baliatuz, ANFASek bertze zenbait zerbitzu eskaintzen hasi da ikasturte honetan. Horietako bat da hilean behin biltzen den guraso tailerra. Beatriz Oiartzabalek aipatu digunez, “helburua gurasoei espazioa eskaintzea da. Egindako bilera desberdinetan hau zen egiten zen eskaera garbienetako bat gurasoei begira. Beraiek espazio bat behar zutela, euren dudak galdetzeko, euren beldurrez hitz egiteko, norberaren esperientziak kontatzeko, ondokoaren esperientziak entzuteko… Horrela, hialbetean behin elkartzen gara, printzipioz 17:30etik 19:00etara, baina beti luzatzen da. Talde irekia da eta gauza politak ateraten baitira, eta gauza politak ateratzen dira. Batzuetan nik egun horretan landuko duguna prestatua eramaten dut aurretik, eta besteetan beraien eskaera oso garbia izaten da eta kontu bati buruz hitz egin nahi izaten dute. Adibidez, hurrengo astean laguntza edo prestakuntzan aditua den pertsona bat etorriko da, Anfasen urte asko daramatzana, ezintasun intelektual duten haurrek zein laguntza eskatu ditzaketen edo zein aukera izan ditzaketen eta horri buruz solastera”. Adimen urritasuna duten haurren gurasoen kezka nagusiak edozein gurasoren kezka edo zalantza berdintsuak direla ere aipatu digu Beatriz Oiartzabalek: “Azken finean, dauzkaten dudak guraso guztienak dira: zer egingo dun ere semeak? Ongi ote dago eskolan? Eta eskolatik ateratzerakoan nora joango da nire haurra? Lana eginen du? Zein autonomia maila izango du? Duda konkretuagoak dira, agian, baina guraso askok dituzten kezkak dira”.

Informazio eta aholkularitza zerbitzua

Informazio eta Aholkularitza zerbitzua ere martxan jartzeko asmoa dute, Baztan-Bidasoako bizilagunei zuzendua. Otsailaren 13an berriz elkartuko da guraso taldea eta Kontxi Urroz Anfaseko langilea prestakuntzari buruz hitz egitera etorriko da Lesakara. Horren helburua ezintasunaren inguruan informazioa eta babesa ematea dela aipatu digu eskualdeko ANFASeko arduradunak: “Aurten ere martxan ere paratuko dugun proiektua da, hori ere egindako bileretatik aterako ekimena izan zen. Otsailaren 13an berriz elkartuko da guraso taldea eta Kontxi Urroz Anfaseko langilea prestakuntzari buruz hitz egitera etorriko da Lesakara, orientazio eta prestakuntzari buruz arituko zaigu bera. Horren helburua ezintasunaren iguruan infromazioa eta babesa ematea da helburua. Kasu konkretuak daude, batzuk argi ikusten dituzte gauzak baina besteek ez eta laguntza behar dute. Eskua eman eta lagundu, edo espazioa eskaini. Printzipioz hilabetean behin etorriko da baina beharren arabera. Proiektu berritzailea denez, ez dakigu nolako erantzuna izanen duen, ostiral goizetan hemen egongo da. Oraindik eguna zehaztu gabe dago, baina irekia denez, beharra haundituz gero, erantzunen da”.

Anai ttikien tailerra

Ez da etorkizunera begira duten egitasmo bakarra. Iruñean duela urte batzutik hona egiten den tailerra abiapuntutzat hartuz, anai ttikien tailerra ere egin gogo dute eskualdean, ezintasuna duten haurren senideekin nola jokatu ikasteko. “Hori oso gauza polita izan zen –dio ANFASeko arduradunak–. Guraso taldea elkartu ginen lehen egunean, taldeka jarri eta paper batean burura etortzen zitzaizkien edozein gauza idatzi behar izan zuten. Bi taldetan atera zen ezintasuna duten haurren senideekin zer egin, nola jokatu… Gai honi buruz nola adierazi ezintasuna duela euren anaiak… Muga asko zituztela erran zituzten. Kalean anaiaren ezintasunaren ondorioz burlak edo izango zituztela eta nola defenditu horren aurrean? Informazio garbia baldin badu errazago defendituko da, eta horri erantzuteko proposamena hortik atera zen. Iruñean anai txikien tailerrak urte batzuk daramatza eta intentzioa hemen ere martxan paratzea izan zen. Erantzuna ere oso ona izan zen, taldea osatua dago, eta hemendik gutxira martxan jarriko den proiektua da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun