Inauteri ofizialen txanda ailegatu da eskualdeko hainbat herritara

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 1a

Bera, Etxalar, Lesaka, Doneztebe, Elizondo eta Goizuetako egitarauak bildu ditugu

Inaute aroa Errege ondoko asteburuan hasten da normalki gure eskualdean eta aurten ere hala izan da. Dena dela, guk Arantzan hasi genuen erronda eta Igantzi eta Sunbillan egin ditugu pausaldiak. Joareak nola astintzen dituzten ikusi genuen Ituren, Aurtitz eta Zubieta, eta orain azken txanpan sartu gara. Ostegunean haurren eguna ospatu da eta Bera eta Lesakako arrautze-arrautze eta zingar-arrautze eskeak ikus ahal izan ditugu. Arratsaldean aldiz, Etxalarren inauterietako antzerkia eta Beran haurren inude eta artzainak izan ziren. Asteburu atarian gaude eta agenda zabala prest dugu, beti ere, inauteriei begira. Ostiral goizean Doneztebeko gazteek eskea egin dute baserrietan barna, eta bitartean, eskolako haurrek ohiko desfilea egin dute. Eguerdian gazteek bazkaria izanen dute Aranzoko elkartean, 18etan poteoa izanen da eta baita dantzaldia ere. Larunbata eguerdian bazkaria izanen da eta ondotik mozorro desfilea aterako da. Normalki eskolatik ateratzen da, baina iaz Aparandik egin zen, kontutan hartuz orgak han izaten dituztela gordeta.

Lesakako zako-zaharrak igande arratsaldean

Lesakako inauteriei dagokienez, igandean arratsaldeko 17etan zaku-zahar txikien eta mairuen kalejira izanen da betiko ibilbidea jarraituz. 18etan zaku-zahar helduen kalejira aterako da eta honek ere betiko ibilbideari ekingo dio. Arratsaldeko 19etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean. Astelehen goizean arraultze-arraultze eskea eginen dute Fraindarrek Frain auzoan eta 12:30ean inauterietako orgak ikusteko aukera izanen da Plaza Zaharrean. 19etan dantzaldia iragarrita dago Plaza Zaharrean. Aurtitz eta Iturengo inauteei dagokienez, azkenetan izanen dira. Larunbatean kontuen eguna izanen dute Iturenen. Bazkaria izanen dute Herriko Etxean eta bazkal aitzinetik herriko dantzari, bertsolari eta aizkolarien saioa izanen da. Bazkal ondotik dantzaldia izanen da. Aurtitzen aldiz, kontuen eguna igandean ospatzen da. Ohitura denez, xaharren afaria izeneko otorduarekin agurtzen dituzte inauteriak heldu den urte arte.

Beran kaldereroak larunbatean eta Inude eta Artzaiak igandean

Beran arazoak izan dituzten arren, larunbatean kaldereroak aterako dira arratsaldeko 19etan Herriko Etxeko Plazatik eta ibilbidea eginen dute Altzateraino. Igandean goizeko 10etan inudeak eta artzainak aterako dira eta herriko karriketan barrena ibiliko dira. Arratsaldeko 18etarako berriz ere ateraldia iragartzen dute. Astelehen goizean zingar-arraultze eskea eginen dute auzoetan barna eta arratsaldean mozorro eta orgak aterako dira.

Elizondon, Etxalarren eta Goizuetan asteartea izanen dute egun haundia

Elizondoko inauteriei dagokienez, nahiz eta ostegunean orakunde ospatu, inaute bestak ez du segida izanen astelehena bitarte. Astelehenean arratsaldeko 17etan haurren desfilea aterako da Elizondoko Kuarteko-zelai parketik. Baztango Haurtzaindegiko haur eta gurasoek eta Baztan ikastolako eta San Francisco Jabier ikastetxeko ikasle eta irakasleek parte hartuko dute. Ibilbidea Merkatu Zelai plazan bukatuko da eta segidan haurrek txokolate jatea izanen dute Baztandarren Biltzarra egoitzatik pasatuta. Ondotik, Merkatu Plazan dantzaldia izanen da Joxe Angel soinu jolearekin. Asteartea besta egun ofiziala da Baztanen. 10:30ean salda eskainiko da Merkatuko plazan eta ondotik, bisitaldia eginen dute Zahar etxera. 12etan Herriko Plazatik aterako da desfilea eta Santiago karrikan barna poteoa eginen da. 14:30ean koadrilen bazkariak eginen dira eta 17:30ean zirkoaren irteera eta poteoa eginen da. 19:30ean su artifizialak botako dira Txokotoko zubitik. Elizondoko inauteriei dagokienez, nahiz eta ostegunean orakunde ospatu, inaute bestak ez du segida izanen astelehena bitarte. Astelehenean arratsaldeko 17etan haurren desfilea aterako da Elizondoko Kuarteko-zelai parketik. Baztango Haurtzaindegiko haur eta gurasoek eta Baztan ikastolako eta San Francisco Jabier ikastetxeko ikasle eta irakasleek parte hartuko dute. Ibilbidea Merkatu Zelai plazan bukatuko da eta segidan haurrek txokolate jatea izanen dute Baztandarren Biltzarra egoitzatik pasatuta. Ondotik, Merkatu Plazan dantzaldia izanen da Joxe Angel soinu jolearekin. Asteartea besta egun ofiziala da Baztanen. 10:30ean salda eskainiko da Merkatuko plazan eta ondotik, bisitaldia eginen dute Zahar etxera. 12etan Herriko Plazatik aterako da desfilea eta Santiago karrikan barna poteoa eginen da. 14:30ean koadrilen bazkariak eginen dira eta 17:30ean zirkoaren irteera eta poteoa eginen da. 19:30ean su artifizialak botako dira Txokotoko zubitik. Etxalarren berean geratuz, inauteriak astelehenean hasiko dira. Egun honetan handien txanda izanen da. Goizeko 8:30ean Elutsa ostatuan gosaria egin eta ondotik, bi taldeetan banatu eta traktoreetan joanen dira. Beheko taldeak Anttonion eginen du bazkaria eta goikoek, Usategietako txabolan. Arratsean pintxoak janen dituzte. Asteartean goizeko 12etan karrozen desfilea hasiko da Herriko Etxeko plazan. Eguerdian bazkaria izanen da Elutsan eta arratsaldean haur eta gazteentzako jokoak. Larraburu elkartean ere jubilatuen bazkaria eginen da inauteriak aitzakia hartuta.

Goizuetako zagi-dantza asteartean

Goizuetara hurbilduz, igandean hasiko dira inauteriak. 17etan gaztetxoen zagi-dantza eginen da eta 19etan plazan dantzaldia izanen da Izer eta Alabier trikitilariekin. Astelehenean 8etan mozorroak baserrietara aterako dira. 16etan gurasoen konpartsa aterako da eta ondotik, txokolatada izanen da. 18:30ean mozorroen etorrera dultzaina joleekin eta 19:30ean dantzaldia plazan Saioa eta Alabier trikitilariekin. Gaueko 22etan mozorroen afaria izanen da eta egunari bukaera emateko, dantzaldia izanen da gaueko 23:30ean plazan Saioa eta Alabier trikitilariekin. Asteartean beranduxago elkartuko dira mozorroak eta gosaria 9etan izanen dute. Ondotik karrikak zeharkatu dituzte eta bazkarirako elkartuko dira. 16:30ean zagi-dantza eginen dute eta arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da TZ taldearekin. Hori bai, tartean mozorroen afaria iragarrita dago. Arraroa dirudien arren, eta nahiz eta garizuman sartuta egon, Goizuetan larunbatean, otsailaren 9an akituko dituzte inauteriak. 17:30ean Lantzeko inauterien desfilea eginen da eta arratsaldez eta gauez Elektrotxarangak herriko kaleak alaituko ditu. Atsedenaldian mozorroen afaria eginen da. Mozorroa prest izanda, zailena inauterietan nora hurbildu erabakitzea izanen da, gure eskualdean izanen baita non ongi pasa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun