«34 urterekin, 25 nituenean baino askoz sasoi hobean nago fisikoki»

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

TTIPI TTAPA

• Iñaki Martinez Lizaso Doneztebeko erremontista profesionalak lehen aldiz jantzi du binakako Faustino Torneoko txapela, Urriza lagun duela. Horrekin orain arteko palmares bikaina osatzea lortu du.

«Urte akabera eta hasiera ezin hobea izan ditut». Eta ez da guttiagorako, profesionaletan 15 urte egin ondotik, erremonteko binakako txapelik haundiena eskuratu baitu lehen aldiz Iñaki Lizaso Doneztebeko erremontistak: Faustino Torneoko txapela. Horrela, orain arteko palmaresa osatzea lortu du: «binakako txapelik irabazi gabe nengoelako arantza bat sartua nuen eta orain hagitz gustura gelditu naiz». Prentsak ere torneoko jokalaririk onena izendatu du: «hori entzutea pozgarria da, baina garrantzitsuena txapela da. 2007a urte txarra izan nuen, banakakoa ezin izan nuen jokatu, eta hau irabazita atzelarietan hoberena izatea eta jendearen errespetua lortu ditut». Izan ere, txapelari bere balioa kendu gabe, Lizasok argi du egunerokoa dela gakoa: «urte guztian ari gara lanean eta jendeak gure alde apostu egiten du, eta erregulartasuna mantentzea garrantzitsua da, publikoarekiko errespetuz».

Hernaniko Galarreta pilotalekuan urtarrilaren 12an jokatu zen final haundia. Urriza izan zuen lagun, eta Altuna I.a eta Etxeberria III.a aurkari, azken hau ere Doneztebekoa. «Nire ttikitako lagunaren kontra erremonteko maila goreneko final batean aritzeak ilusio haundia egiten zidan eta harro nago». Urriza eta Lizaso ziren faboritoak eta ez zuten hutsik egin, hamaikagarren tantotik aitzinera nagusitasunez aritu ziren. «Argi genuen erritmo haundiagoa eman behar geniola partidari, aurkariak teknikoagoak direlako eta gu fisikoki hobeak». Eta halaxe egin zuten, 40 eta 26 irabazi. «Hasierako hamar tantoen ondotik nahiko eroso jokatu nuen, eta final batean markagailua alde izanik nerbioak ere aldendu zitzaizkidan». Finala, gainera, profesionaletan duela 11 hilabete debutatu zuen Urrizarekin irabazi du. Halere, meritoa biena dela nabarmendu nahi izan digu: «Debutatu berri duen batekin irabazteak merezimendu bikoitza izan dezake, baina meritoa biena da». Binakakoarekin batera, frontoi motzean eta banaka, Martiko Torneoa izan da berriki irabazitako bertzea. Migel Mari Urrutiari irabazi zion.

Txapela nori eskaini dion galdetuta, berehala eman digu erantzuna: «nire emazteari eta nire alabari. Egunero eta momenturo nirekin daudenak dira eta honen guztiaren oinarri». Eta urte berriari begira zein ilusio? «Ba lesiorik ez izatea eta banakakoa irabaztea». Sasoian dago Lizaso, bere momenturik onenean, eta erran digunez, «34 urterekin, 25 nituenean baino askoz sasoi hobean fisikoki». Nork daki, eginahal horretan segitzeko asmoa badu behintzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun