Errekako pilota txapelketako senior mailetako finalistak erabaki dira

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

Asteazken arratsaldean jokatu ziren finalerdiak Donezteben

Doneztebeko Erreka elkarteak bosgarren aldiz antolatu duen eskuz binakako pilota txapelketaren finalak martxoaren 8an jokatuko dira Donezteben. Oraindik hilabete baino gehiago falta baldin bada ere, dagoeneko zenbait kategoriatan zein izanen diren finalista ezagutzen ari gara.

Bigarren mailako finalean bi aranztar aurrez aurre

Honela, ilbeltzaren 30ean, asteazken arratsaldean, senior elite eta bigarren mailako finalerdiak jokatu ziren Doneztebeko pilotalekuan. Lehenbizi, bigarren mailakoen txanda izan zen: Errekako Imanol Mitxelena aranztarrak eta Paz Zigandako Mikel Iriartek 22 eta 17 irabazi zieten San Migueleko Zufiaurreri eta Oberenako Antxori. Irabazleak 4-0 aitzindu ziren, baina 7-11 galtzen ere izan ziren. Mikel Iriartek eskuko minarekin dagoen Unai Urrutiaren ordez jokatu zuen eta partida handia jokatu zuen. Imanol Mitxelenak ere bizi-bizi sakatu zuen eta ohikoa duenez, jokaldi ederrak egin zituen. Hamargarren koadrora ere bidali zituen pilotakada batzuk. Klase handiko aurrelaria da aranztarra eta pixko bat lasaitzen denean, helburu handiagoak jartzen ahal dizkio bere buruari. Bigarren finalerdian, Errekako Anguitak eta Joseba Madariaga aranztarrak 22 eta 6 irabazi zieten Zugarraldeko Txorraut eta Soroari. Hasi eta bukatu nagusi izan ziren Errekakoak, bikote hobea dela erakutsi baitzuten. Anguitak bere partida egin zuen, hutsik egin gabe eta tantuak pilatuz. Barañaingo aurrelariak ongi defendittu zuen, sakeei boleaz erantzun zien, baita tarteka tantu ederrak egin ere. Joseba Madariaga, berriz, sasoi betean dago, aunitz jotzen du eta hainbat pilota bidali zituen 9 eta 10 koadroetara. Dena den, laugarren koadrotik zabalera egin zuen dejadak jaso zuen jendearen txalo zaparrada handiena. Beraz, martxoaren 8ko bigarren mailako finalean, Imanol Mitxelena eta Mikel Iriarte, Anguita eta Joseba Madariagaren kontra ariko dira: bi aranztar aurrez aurre.

Elite mailan, Irigoien lesakarra eta Iparragirre leitzarra finalean izanen dira

Elite mailako lehenbiziko finalerdian, Mololo Irigoien lesakarrak eta Unai Iparragirre leitzarrak 22 eta 8 irabazi zieten Huarteko Erreari eta Oberenako Okiñenari. Pilotari beterano honek gaixorik zegoen Xabier Elizalde ordezkatu zuen. Hasieran, gero galtzaile izan zirenak 1 eta 4 aitzindu ziren. Bazirudien sorpresa izan zitekeela, baina Iparragirrek bere nagusitasuna nabarmendu zuen gibeleko koadroetan. Leitzako profesional ohia txapelketako atzelaririk onena dela erakutsi zuen berriz ere. Mololo Irigoienek ere dena ongi egin zuen, bolea beldurgarriarekin eta defentsan ere ongi moldatuz. Bigarren finalerdian oreka gehiago izan zen, baina azkenean, Aurrera Saiazeko Renobales eta Galarragak 22 eta 18 irabazi zieten Irurtzungo Lazkoz eta Zugarraldeko Gironés-i. Gero galtzaile izan zirenak 0-5 aitzindu ziren, baina pilota aldatu ondotik, berdinketa ugari izan ziren: zortzina, hamabina, hamaseina… Baina azkenean gipuzkoarrak gailendu ziren, 22-18. Honela, Ugaitz Renobalesek, iaz bezalaxe elite mailako Errekako txapelketako finala jokatuko du. Aurten Galarraga izanen du lagun gibelean eta Irigoien eta Iparragirre, arerio zailak, aitzinean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun