Urtea hasi eta berehala hasi dira inauteriak. Herrian hausterre aitzineko asteburuan eginen dira usaian bezala. Larunbatarekin gazteak etxez etxe ibiliko dira betiko ibilbidea segituz. Zaharretxean hasiko dira, eta handik landa Elbarrun, Ihalar eta Lehenbizkaiko auzoetan. Iluntzean plazara hurbilduko dira Argaina aldeko auzotik pasatuz. Eguna bukatzeko Xixonnettek Herriko Etxeko Edantegian animatuko du. Igande goizeko ikuskizuna mezatik lekora hasiko da, 11:30 aldera, alegia. Gaztetxeko kideek, Zazpiak Bat dantza taldeak, Ikastolako haurrek eta Sarako Kantariek haien doaiak erakutsiko dituzte, hainbat kanta eta dantza eskainiz, tartean inauterietako Sorgin Dantza. Bertze behin, Ikastolako gurasoek ez dute huts eginen, eta bazkari goxoa prestatuko dute nahi duten guzientzat. Baina oroitu txartela aitzinetik erosteaz. Arratsaldean, batzuk mahai-inguruan lasai ederrean egonen dira kantatzen eta kalakan. Gaztetxekoak bentaz benta ibiliko dira aurtengo inauteriak behar den bezala agurtzeko. Denbora pasa ahala eta belaunaldien arabera, inauteriak aldatzen joaten dira. Urte batean oso politak izaten dira, eta ondokoan, ez hainbeste. Azken urte hauetan, hala ere, lagun talde baten eraginez, aberatsak direla erran daiteke, dantzari frango, musikari onak eta parte-hartze polita, izan kantari edo eskolako haurren aldetik. Horri guztiari esker, hurbiltzea merezi du plazara edo bestela auzoan barna pasatzen direnean.