Amoarrain arrantza denboraldi honetan debekatzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

Amoarrain kopuruaren gainbehera gelditzeko neurrien artean eztabaidagarriena da

Gure inguruko erreketan denboraldi honetan amoarrain arrantza debekatzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua. Horrelaxe jakinarazi zuen urtarrilaren 23an egindako prentsaurrekoan Begoña Sanzberro kontseilariak. Oraindik erabaki ez bada ere, horixe da Nafarroako erreketan amoarrain kopuruaren gainbehera gelditzeko hartu diren neurrien artean eztabaidagarriena. Bertzeak bertze, erreken zaintzea handitzea, habitataren hobetzea, debekualdien arautzea, Bidasoa errekan bertako amoarrainarekin errepoblatzea, arrantzatu daitezkeen espezie kopurua handitzea eta izokin arrantzarekin lotutako ekimenak dira plangintza horretan aipatzen diren neurriak.

Erreken zaindariak Arrantza Elkarteek kontratatzeko dirulaguntza

Errekak zaintzeari dagokionez, Sepronak, Foruzaingoak edo Nafarroako Gobernuko guardek egiten ahal duten lanarekin batera, hitzarmenak sinatuko dira Baztan-Bidasoako eta bertze lekuetako arrantzale elkarteekin, kontrol eta zaintza lanak egiteko. Nafarroako Gobernuak arrantzale elkarteak subentzionatuko ditu, hauek urtebeterako erreken zaindariak kontratatu ditzaten.

2008an egin beharreko lanak

Habitata hobetzen, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak 1,9 milioi euro inbertitu omen ditu 2005-2007 urteen artean, batez ere, erreken permeabilizazio edo iragazkortasun lanetan eta erreka bazter eta inguruetako hobetze lanetan. 2008rako 1,2 milioi euroko inbertsioa aurrikusia dago. Honela, aurten Baztanen, Txokotoko presa jautsi eta eskala eginen da eta Opoka eta Lekarozko ikastetxe ondoko presak botako dira. Bidasoan, Mourgesko presan eskalak paratuko dira.

2005-2007an egindako lanak

2005-2007 urteen artean gure inguruko erreketan egin diren lanei dagokienez, hauexek izan dira nagusienak: Baztanen, Datue errotako presa kendu; Bidasoako Las Nazas inguruko presan eskalak eraiki; Latsa errekan, Igantzi eta Berrizaungo errotetako presak kendu; Onin errekan Bereauko errotako presa kendu; Tximista errekan, Olazarreako errotako presa kendu, Etxalarlatsako zentraleko presako eskala egokitu eta Etxalarko Olako presan eskala eraiki egin dira; Zeberian Nafarroako Gobernuak daukan Ur-emaria neurtzeko estazioan moldaketak egin dira eta Zia errekan, Araiaga-Eneako presako eskala egokitu da.

Ernaldutako 200.000 arraultze eta 60.000 amoarrain kume

Aipatzekoa da Bidasoa erreka ernaldutako 200.000 arraultzerekin eta bertako 60.000 amoarrainkumerekin birpopulatuko dela. Izokin arrantzari dagokionez, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren planak kupoa 50etik 60 izokinera igo du eta arrantzan egiteko epea ere zabaldu du. Aurten, martxoaren 30ean hasi eta uztailaren 20ra arte iraunen du, beti ere 60 izokineko kupoa aitzinetik betetzen ez bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun