Nafarroako Bertsolari txapelketa otsailaren 8an abiatuko da Leitzan

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 31a, 15:24

25 bertsolari lehiatuko dira eta tartean ez da Xabier Silveira txapelduna izanen

Otsaila eta martxoan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 37. edizioa eginen da. Urtero egiten den txapelketa da Nafarroakoa eta, norgehiagokaz haratago, bertsolaritzaren, eta oro har euskal kulturaren, sustapena du helburu. Urteak joan, urteak etorri Nafarroan euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Txapelketa.

Xabier Silveirak ez du parte hartuko

2008ko edizioan 25 bertsolarik hartuko dute parte, horietatik gehienak gazteak, belaunaldi aldaketa interesgarri eta itxaropentsua gertatzen ari baita Nafarroako bertsolaritzan. Aurten azken lau urteko txapelduna izan den Xabier Silveirak ez du parte hartuko Txapelketan; hortaz, txapeldun berria izanen da. Parte-hartzaileen artean soilik Bittor Elizagoienek badaki zer den Nafarroako txapela janztea, 1994 eta 1999an izan zen txapeldun arraioztarra.

Bi kanporaketa Leitzan eta Iturenen

Txapelketak bi kanporaketa izanen ditu, Leitzan eta Iturenen, otsailaren 8 eta 9an. Leitzan Diego Riaño, Juan Mari Lopez, Iker Iriarte, Ekaitz Astiz, Aimar Karrika eta Iñaki Aleman ariko dira eta Iturenen, Alazne Untxalo, Iker Gorosterrazu, Ander Fuentes, Xabier Terreros, Garazi Taberna eta Xabier Legarreta. Bi saio hauetatik bortz bertsolari pasatuko dira finalaurrekoetara, kanporaketa bakoitzeko onena eta kanporaketetan puntuaziorik onena lortu duten bertze hirurak.

Finalaurrekoak Txantrean, Lekunberrin eta Beran

Horren ondotik, hiru finalaurreko jokatuko dira: Txantrean otsailaren 16an, Lekunberri otsailaren 23an eta Beran martxoaren 1ean. Finalaurrekoetarako zuzenean hamahiru bertsolari daude sailkatua, 2007ko Txapelketako onenak. Txantrean Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Oier Lakuntza eta kanporaketa gaindituko duten bi bertsolari ariko dira; Lekunberrin Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta “Etxabe”, Julio Soto, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta kanporaketako bertze bertsolari bat lehiatuko dira eta Beran, Jon Barberena, Migel Mari Elosegi, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe eta kanporaketako bi bertsolari.

Finala martxoaren 15ean Elizondon

Finalaurrekoetan, beraz, 18 bertsolari izanen dira, horietatik soilik zortzi pasako dira Elizondoko finalera: saio bakoitzeko irabazlea eta hiru finalaurrekoetako puntuazioaren arabera, bortz onenak. Finala martxoaren 15ean jokatuko da, Elizondoko Lur dantzalekuan. Txapelketaren xehetasun guztiak eta informazio eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com helbidean izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun