Eskualdeko turismo eskaintza zabala izanen da Fiturren. Zugarramurdiko Sorginen Museoaren eta Akelarre antzeslana bertan izanen direla aipatu dugu, baina ez dira bakarrik izanen. Erraterako, joan den urtean, Bertizko Turismo Partzuergoa gure eskualdean egonaldiak programa lantzen aritu zen. Programa hauek bidai agentzien bitartez merkaturatzeko garatu dira. Nahiz eta dagoeneko agentzia desberdinei azaldu zaien orain merkaturatzen da, hau da Fiturren eginen den aurkezpenarekin.
Egitarau hauek “Naturan egonaldiak Baztan-Bidasoan” dute izena eta gure eskualdea bisitatzeko 5 programa desberdin landu dira, guztiak osagai berri eta amankomun batekin: taxi-gida. Egitarauak “aurre-historiarako grina”, “historiarako grina”, “gastronomiarako grina”, “berderako grina” eta “ urerako grina” dute izena. Proiektuan parte hartzen duten landetxeetan ostatua hartu, gai hauekin lotuta dauden toki eta baliabideak bisitatu eta aurkezpena eta azalpenak ematen dituen gida baten laguntzaz gozatu dezake partehartzaileak.
Bisitariak taxian
Ortziral gauetik igande arratsaldera arte, zerbitzu hau aukeratuko duten bisitariek harat-honata ibiliko dituen taxi bat izanen dute. Programak konbinatzeko aukera ere badago eta gutxieneko parte hartzaile kopurua 4 lagunekoa da eta gehienez 7koa. Partzuergoak hiru hizkuntzetan egindako foileto bat informazioarekin argitaratu du eta Nafarroan, Euskal Erkide Autonomoan nahiz Iparraldeko bidai agentzietan banatzen ari da. Beste agentziei ere proposatuko zaie Fiturren, non Partzuergoaren bi ordezkari dauden asteazkenetik ortiralera, kudeatzailea eta Hiruak Bat landetxe elkarteko lehendakaria.
Partzuergoak aitzinago azalduko du zein agentzietan kontratatzen daitezkeen egonaldi hauek. Ekimen honekin, erakunde turistikoan oso erakargarria ikusten dena, eskaintza eta zerbitzu turistikoak zabaltzea bilatzen da, bisitarien kopurua goitzeko. Aurrerago eta beste motako programa gehiago aurkeztuko dira, giza talde zehatzeei zuzenduta edo beste iraupenekin.
Plazaolako Bide Berdea
Plazaolako Partzuergo Turistikoak ere bere eskaintza aurkeztuko du Fiturren, Espainiako Trenbideen Fundazioak antolatu eta koordinatzen duen Bide Berdeen standaren barnean. Aurten, gainera, Bide Berdeen hamabosgarren urteurrena ospatuko da. Gogoratu behar da Plazaolako Bide Berdeak Europako Bide Berdeen hirugarren lehiaketako lehen saria irabazi duela berriki, Garapen eta Turismo arloan.