ttipi-ttapa Eremu zabala eta ondorioz, eskualdeko sentimendua banatua eta parte-hartze eskasa. Horiexek foroak egiterakoan Mendialdeko Agenda 21ean parte hartzen duten zortzi herriak bi taldetan banatzearen arrazoi nagusiak. Mendialdea izenak Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri biltzen ditu, baina herritarrei parte hartzeko aukera errazte aldera bitan banatu dira. Batetik, Arano, Areso, Goizueta eta Leitza daude, eta bertzetik, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberri. Bi lantaldeak ere martxan dira, eta Ttipi ttapak biltzen dituen lau herri horien lehen bikura urtarrilaren 15ean egin zen. Orduan ingurumena, lurraldea, hirigintza, mugikortasuna, tokiko eta eskualdeko kudeaketa eta ingurumen arloak (ura, hondakinak…) aztertu zituzten. Bigarren bilkura, otsailaren 26an eginen da Leitzan, eta kultura, kirola, euskara, heziketa, gizarte eta osasun zerbitzuak, ekonomia eta tokiko eta eskualdeko kudeaketa izanen dituzte aztergai.