Doneztebeko Casino La Union edo Elkartasuna Kasinoak presidente berria du urtarrilaren 20az geroztik, Patxi Olazar erremontista. Urteko batzarra egin zuten orduan, eta zuzendaritza batzordearen erdia berritu zuten, hau da, sei kidetik hiru.
Zuzendaritza batzordea sei kidek osatzen dute eta urtero hiru atera eta bertze hiru kide berri sartzen dira, normalean, ateratzen direnek izendatzen dituztenak. Zuzendaritza aukeratzeko eta ardurak hartzeko arazoak izaten zirelako proposatu zuten sistema hori.
Aurtengo batzarraren nobedadea, ordea, lehenagotik zortzi urtetan presidente izandako Avelino Mitxeok ekarri zuen, berriz ere lehendakari izateko aurkeztu baitzuen bere burua. Baina azkenean, aldeko 14 botorekin eta kontrako 11rekin Patxi Olazar izendatu zuten presidente, Juan Mari Artazkoz diruzain eta Mikel Santesteban idazkari kargurako. Horrenbertzez, Karmelo Rekartek, orain arteko lehendakariak, Olazarri utzi dio kargua.
20 bazkide berri
Bertzelako gaiak ere landu zituzten Kasinoan bildutakoek. Tartean aurten 20 bazkide berri sartu direla, 17 berriak eta bertze hiru aitaren ordez sartuak. Horrez gain, kontuen berri ere eman zuten: 14.000 euroko superabitarekin itxi zuten 2007a, ostatua berritu eta hainbat lan egin direla —eraikinaren aitzinaldea eraberritu...— kontuan hartuz. Urte berriari begira hainbat ideia dituzte buruan, hala nola, iazko arrakasta ikusita, Basurde Bikers Festaren bigarren edizioa antolatzea.