2006an baino bederatzi biztanle guttiagorekin hasi genuen 2007a

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

Nafarroako Estatistika Institutuak datuak eman ditu berriki

Ttipi-Ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdeak bederatzi bizilagun galdu zituen 2006an. Hala ondorioztatu daiteke, Nafarroako Estatistika Institutuak berriki argitaratutako datuetatik. Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Leitzaldea, Malerreka, Sunbilla, Urdazubi eta Zugarramurdin 26.398 bizilagun zeuden 2006ko urtarrilaren 1ean eta 26.389 urtebete beranduago.

Baztanen bizilagun kopuruak 20 lagunetan goiti egin zuen urte horretan, 1.827tik 7.847ra; Bertizaranak, aldiz, 14 bizilagun galdu zituen, 676tik 662ra jautsi baitzen; Bortzirietan ere 15 bizilagun guttiago zeuden, baina herrien arabera, badira gorabehera batzuk: Bera izan da biztanle gehien galdu zituena, 43, 3.727 izatetik 3.684 izatera pasatu baitzen; Arantzak ere bederatzi herritar galdu ditu, 657tik 648ra pasatuz eta Igantzik bat guttiago zuen, 607tik 606 pasatuta. Lesakak, aldiz, 34 herritar irabazi zituen eta 2.736tik 2.770ra igaro zen eta Etxalarrek ere bi bizilagun irabazi zituen, 800eko muga gainditzeko aski; 799tik 801era pasatu zen.

Leitzaldean ere 19 lagunetan behera egin zuen biztanleriak, 4.138 izatetik 4.119 izatera pasatu baitzen. Aranorena izan zen jautsierarik nabarmenena, herritarren %10a galdu baitzuen urtebetez. 141 biztanle izatetik 127 izatera igaro zen, 14 guttiago. Aresok bortz bizilagun galdu zituen eta 293tik 288ra pasatu zen eta Leitzan sei guttiago ziren, 2.895etik 2.889ra pasatuta. Goizueta izan zen biztanleriaren igoera antzeman zuen Leitzaldeko herri bakarra, aspaldiko urteetako joerari buelta emanez gainera. Sei herritar irabazi zituen eta 809tik 815era pasatu zen.

Malerreka izan da bizilerian goiti egin duen eskualde bakarra eta 4.000 bizilagunetik pasatu da. 2006aren urte hasieran 3.987 bizilagun zituen eta urtebete beranduago, 4.016. Hemen ere herrika hainbat gorabehera badira. Beintza-Labaienen berdin-berdin zeuden, 258 bizilagunekin; Donamariak sei bizilagun irabazi zituen, 414tik 420ra pasatuz; Doneztebek 1.500 herritarreko muga gainditu zuen. 1.494 izatetik 1.522 izatera igaroz, 28 biztanle irabaziz; Elgorriagan zazpi bizilagun galdu zituzten, 226tik 219ra pasatuz; Eratsunen lau bizilagun galdu zituzten, 172tik 168ra pasatuta eta Ezkurran zazpi guttiago ziren, 193tik 186ra pasatuta; Iturenek lau herritar guttiago zituen, 481etik 477ra igarota; Oitzek lau biztanle gehiago zituen, 150etik 154ra pasatuta; Saldiasek kopurua mantendu zuen, 120 bizilagunekin; Urrotzek bizilagun bat gehiago zuen, 182tik 183ra pasatuta eta Zubietak igoera handia izan zuen, 12 bizilagun gehiago eta 300 biztanleko muga gainditu zuen, 297tik 309ra. Sunbillan kopurua ez zen aldatu eta 662 bizilagun zituzten.

Urdazubin 11 bizilagun galdu zituzten, 359tik 348ra jautsiz eta Zugarramurdin hiru irabazi, horrela, 223tik 226ra pasatuaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun