Mozorro-besta

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

Ortzegun honetan, Ortzegun Gizena, haurrek hasiko dute inauterietako eromena. «Urtzaingizen, urtzaingizen, zingar arraultze, bat ezpada bertze, biyek hobe» kantatuz eskean aterako dira. Baserritarrez jantzita, koadrilatan, urtatxak bilduko dituzte, arratsaldean antzerkiei paso emateko. Urtero bezala, eskolako haurrek hainbat antzerki eskainiko dituzte auzo desberdinetan, bertso eta trikitilariekin. Hitzordua 15:00etan dute.

Haundien inauteriak

Astelehenean, otsailak 4, haundien txanda izanen da. Goizean goizetik, baserriz baserri eskean ibiliko dira herriko gazteak. 8:30ean Elutsan geldituko dira gosaltzeko, eta bi taldetan banatu ondotik, goiko eta beheko auzoetara joanen dira traktoreetan. Beheko taldeak Anttonion eginen du bazkaria, eta goikoek, berriz, Usategietako txabolan. Arratsean, ez da afaririk izanen. Pintxo-jatea eginen da Elutsan. Asteartean, goizeko 12etan karrozen desfilea abiatuko da plazatik. Urtero bezala, gisa guztietako mozorroz beteko dira karrikak. Eguerdian, bazkaria izanen da Elutsan, eta arratsaldean gazteentzako jokoak.

Gazteen ginkana

Altxataren laguntzarekin, gazteek antolatua, gazteentzat. Ongi pasatzea eta irri egitea da helburua. Baldintza bakarra 16 urtetik goiti izatea. Ortzirala baino lehen Herriko Ostatuan izena eman behar da parte hartzeko, eta antolatzaileen erranetan sorpresa ugari izanen dira, tartean, aurkezle eta epaimahaikide bereziak. Hiru laguneko taldeak behar dira eta 18:00tan hasiko da. Hurbiltzen dena, ez da damutuko, seguru.

Larraburuan ere inauteriak

Duela urte batzuk arte, karroza ederra egiten zuten Larraburuko jubilatuek, baina azken urteetan egoitzan bertan ospatzen dituzte inauteriak. Aurten ere, asteartean, bazkari ederraren bueltan elkartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun