Bertizko Natur Parkeak, Turismo Kalitatearen Q ziurtagiria berritu du, egin berri zaizkion auditoriak arrakastaz gainditu ondotik. Nafarroan, babestutako natur eremu bisitatuenetakoa da Bertiz eta ziurtagiri honekin, bisitariendako ekipamendu eta zerbitzuen kalitate bermea baieztatu eta etengabeko hobekuntza prozesuan segitzen duela nabarmendu nahi izan dute.
Espainiako Turismo Kalitate Institutuak 2005eko azaroan eman zion Q ziurtagiria Bertizko Parkeari lehenbizikoz. Estatu osoan bederatzi dira ziurtagiri hori duten natur eremuak, eta horietatik bi, Bertizko Parkea eta Irunberriko Arroila, Nafarroan daude. Bertizetik jakinarazi dutenez, kalitatearen Q ziurtagiria lortzeko araudia oso-osorik bete dute Natur Parkean. Q markak, bere aldetik, bisitarien satisfazioa lortzeko konpromisoa adierazten du.
Nafarroako Dipuazioak 1984ko martxoaren 25ean izendatu zuen Bertizko Natur Parkea, guztira 2.040 hektarea dituen eremua. Lorategia 1847an diseinatu zuen Felix Lambert frantziarrak, baina Pedro Ziga berak egin zuen. 3,4 hektarea dituen lorategiak, mundu osoko zuhaitz eta zuhaixkak ditu, 130 espezie ezberdinetakoak.
13 Turismo eskualdetan banatu dute Nafarroa
Nafarroako turismoa bultzatzeko helburuarekin, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak neurri berria hartu du. Hala, 13 eskualdetan banatu du Nafarroako turismo eskaintza. Eskualde bakoitzak garapenerako proposamen nagusia izanen du eta gai bat hartuko du ardatz nagusitzat, horren inguruan turismo produktu eskaintza garatu eta eskualdea indartu ahal izateko.
Ttipi-ttapa aldizkariak hartzen duen eskualdeari dagokionez, bi eskualdetan banatuko da turismoari begira. Alde batetik, Bertiz egonen da, eta bailara lasaiak lemapean, lasaitasuna izanen du ardatz nagusia. Hortik abiatuta, kultur eta natur turismoa bultzatuko da. Bertizko produktu nagusiak Bertizko Natur Parkea, Bertizko Interpretazio Zentrua, Bidasoako trenbidea, Elizondo eta Santxotena Museo Etnografikoa izendatu dituzte eta Baroja izanen da pertsonaia ezaguna.
Plazaola eta Sakanari dagokionez, lema Paseo bat ametsetan barna izanen da eta ildo nagusiak Aralar eta Urbasa-Andia mendi lerroak izanen dira. Natur turismoa bultzatuko da hemen ere eta turismo produktuei dagokienez, Urbasa, Andia, Iribas, Orgi, Mendukilo lezea eta Aralarko San Migel indartuko dira, bertzeak bertze.