Zortzi hilabeteren ondotik berriz ireki dituzte Sarako leizeak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

Zenbait berrikuntzarekin urtarrilaren 14an zabaldu zituzten Sarako leizeak. TTIPI TTAPA

Gogoan izanen ditugu denok joan den urteko maiatzeko uholde haiek zenbaterainoko kalteak eragin zituzten gure inguruan. Eta Saran ere bai. Harrezkero, itxita egon dira Sarako leizeetako ateak zortzi hilabetetan, urtarrilaren 14an berriz ireki zituzten art

Turisten erakargarri eta herriaren diru iturri nagusi. Halaxe dira Sarako leizeak. Eskualdera etortzen diren bidaiari eta turisten gustuko lekuak dira, Joxemiel Barandiaranek arkeologia ikerketak egin zituenetik aunitz indartu direnak. Larungo trenaren ondotik leizeak dira inguruan tokirik bisitatuenak —Larungo trenak 363.000 bisitari izan zituen 2006an—. Urtetik urtera bisitari kopurua nabarmen igotzen joan da leizeetan, eta datuei begiratu bertzerik ez dago hori horrela dela ikusteko. 2004an, erraterako, 100.330 bisitari hartu zituzten; 2005ean 105.474 eta 2006an 110.600 lagun. 2007a, ordea, ez zen batere ona izan. Oraindik aski gogoan izanen dute herritarrek Sara-Azkaine-Senpere aldean zenbaterainoko kalteak sortu ziren eurite haien ondorioz. Sarako leizeak itxita egon dira geroztik konponketa lanak egiteko, eta urte berriarekin batera, lehengo martxari ekin nahi diote. Herriarentzako diru iturri haundia ere badira leizeak: urteko 250.000 euroko irabaziak izaten baititu herriak.

Ordutegia eta prezioak

45 minutu ingurutan ikusteko 900 metroko ibilbidea prestatu dute leizeetan barrena eta langileak ere prest dira lanean hasteko. Argi dago negu partean baino aunitzez ere bisita gehiago jasotzen dutela udan, horregatik hainberzerako aldea langile kopuruan; orain François Pouyet leizeetako zuzendariarekin batera bertze hiru lagun ari dira; udan guztira 30 langile arituko dira, 15 haitzuloetan eta bertze 15 ostatuan. Bisitak lau hizkuntzetan prestatu dituzte: euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez. Leize barruaz gain, parke megalitikoa eta museoa ere hantxe daude.

Neguko ordutegia
Astegunetan: 14:00- 17:00
Asteburuetan: 13:00-17:00
Udako ordutegia
10:00etatik 18:00etara
Prezioak
Helduak: 6 euro
6-13 urte: 3,5 euro
0-6 urte: dohainik

Argi sistema berria paratu dute

Zortzi hilabetetako lanak xamurrak izan direnik ez pentsa. Ez horixe. Euriteek ageriko hondamenak utzi zituzten leizeetan eta bere inguruan, eta lekuak hala behartuta –makineria haundiegirik ezin delako barrenean erabili— lanak aunitz luzatu dira. Barrenera sartutako hondakin guztiak eskuz atera dituzte eta lanak Herriko Etxeko langileek egin dituzte. Halere, herritarren laguntza haundia izan da eta herriko merkatariek ere euren laguntza eman dute. Kable andana hondatu zen —4 kilometro kable—, argiztapen sistemak ere kalte nabariak jasan zituen eta harlauzak edo losak denak hankaz goiti utzi zituen urak. Hartara, kable guztiak berriz paratu dituzte, baita sarrerako panel elektrikoak ere, eta bisita gidatuak egiteko ikusentzunezko material aunitz eraberritu da.
Euriak hondamendia ekarri zuen Sarako leizeetara, eta naturaren bidea kontrolaezina bada ere, halako katastrofeak berriz ez gertatzeko neurriak hartu nahi dituzte arduradunek. Bertzeak bertze, uraren eragina murrizte aldera, leizeen inguruan zuhaitzak landatzeko asmoa dute, eta mendiko pistetan autoen erabilera arautu du Herriko Etxeak. Itxita egon den hilabete horiek zenbait berrikuntza egiteko ere baliatu dituzte. Leku berriak agerian utzi dituzte eta gainera, argiztapen sistema berria ezarri dute, kontsumo baxuko bonbilak paratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun