Ortzegun Gizeneko ospakizunek hasiera emanen diete inauteri ofizialei

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 30a

Dagoeneko gure inguruko hainbat herritan inauteriak ospatu badituzte ere, oraintxe hurbiltzen aro dira inauterien egun ofizialak. Beti bezala, Ortzegun Gizena izanen da inauteriak iragarriko dituen eguna. Dena den, Baztanen, adibidez, aste osoan ari dira Orakunde ospatzen. Astelehenean hasi ziren Amaiurren, asteazkenean Lekarozen ospatuko dute, ortzegunean Elizondo eta Erratzun eta larunbatean Aniz eta Berroetan. Ortzegun Gizenak hainbertze izen hartzen ditu Baztan aldean, Egun Ttunttun, Oilar Dantza, Orakunde edo Narbarten, Ortzegun Bakotz.

Elizondon oilar-dantza

Elizondon ortzegunean izanen duten egitarauari dagokionez, goizeko 10etan meza izanen dute eta 11etan Foruen Plazan elkartu eta jokuak izanen dituzte 3 eta 14 urte arteko neska-mutikoek. Haur eta Lehen Hezkuntzako haurren bestaren antolaketa ikastetxeek hartzen dute bere gain eta DBHkoena gurasoek. Bazkaltzeko orduan, adinka biltzen dira eta Elizondoko jatetxeetan banatzen dira. Bazkalondoan, arratsaldeko 3ak aldera, oilar-dantza izaten dute eta gero, txokolatada eta dantzaldia.

Beran, inude eta artzai ttikiak

Bortzirietan ere, Arantza eta Igantziko inauteriak pasatu dira, baina bertze hiru herrietan hasiak dira mozorro giroa somatzen. Urtarrilaren 31n, Ortzegun Gizen egunean, haur eta gaztetxoen inudeak eta artzaiak aterako dira Beran. Arratsaldeko 15:45ean suhiltzaileen Parketik Kultur Etxera joanen dira eta eguraldi txarra eginez gero Eztegara pilotalekuan geldituko dira arratsaldeko 16:00etan. Arratsaldeko 16:30ean Eidabe taldearen Kanpanolue haurrendako dantzaldia izanen da Kultur etxean.

Eskea eta antzerkia Etxalarren

Ortzegun honetan, Ortzegun Gizena, Etxalarko haurrek hasiko dute inauterietako eromena. «Urtzaingizen, urtzaingizen, zingar arraultze, bat ezpada bertze, biyek hobe» kantatuz eskean aterako dira. Baserritarrez jantzita, koadrilatan, urtatxak bilduko dituzte, arratsaldean antzerkiei paso emateko. Urtero bezala, eskolako haurrek hainbat antzerki eskainiko dituzte auzo desberdinetan, bertso eta trikitilariekin. Hitzordua arratsaldeko 15:00etan dute.

Arraultze-Arraultze Lesakan

Lesakan ere Ortzegun Gizena ospatzen dute, baina aitzinetik, asteazken goizeko 11:30etatik 13:30era inauterietako besta ospatuko dute Irain eskolako gimnasioan, ikasle eta irakasleek antolatutako ekitaldian. Ortzegun goizean, Arraultze Arraultze eguna izanen da eta herriko haurrak etxez etxe eskean ibiliko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun