Asteazkenean, urtarrilaren 30ean hasi eta igandea, otsailaren 3a arte, turismoari eskainitako Fitur feria egiten ari dira Madrilen. Adituek diotenez, turismo arloan munduko bigarren feriarik garrantzitsuena da Fitur. Aurten lehen aldiz 100.000 metro koadro baino gehiago izanen dituen azokan, egunotan 250.000 lagun biltzea espero da, horietatik 150.000 sektoreko langileak. Guzira, 170 herrialde eta eskualdetako 13.300 enpresa izanen dira Madrilen.
Sorginen Museoaren aurkezpena ortzegunean
Guzi horien artean, eskualdeko ordezkaritza ere izanen da. Aipatzekoa da, Fiturren barnean Nafarroaren Eguna ortzegunean, ilbeltzaren 31n, ospatuko dutela. Errate baterako, joan den urteko uztailean zabalduriko Zugarramurdiko Sorginen Museoak bere lekua izanen du, aurkezpen eta guzti. Jesus Agerre, Zugarramurdiko alkatea, Ainhoa Agirre, Museoaren kudeatzailea, eta Fernando Hualde historialariak, Nafarroako gunean arratsaldeko 16:30ean berriki sorturiko turismo eta kultur baliabide honen ezaugarri eta xehetasunen berri emanen dute.
Akelarre antzeslana larunbat eta igandean
Baina ez da Zugarramurdik Fiturren izanen duen partehartze bakarra. Asteburuan aipatutako gune horretan zugarramurdiarrek aintzinako ospakizun paganoak gogora ekarriko dizkigute, izan ere herri honetako zenbait biztanlek Akelarrea antzestuko dute. Gainera, bertara gerturatzen direnak aintzinako belarlarien oinordeko den edabea, hau da, mandragora dastatzeko aukera izanen dute. Antzerki horren nondik norakoak jakiteko Koro Irazoki antzezlearekin eta Zugarramurdiko sorginen historiaren ikerlariarekin izan gara. Berak aipatu digunez, oren laurdeneo emanaldia izanen da, antzerki bisuala eta musikala. Emanaldiak, larunbat eguerdiko 13:00etan eta 17:00etan eta igandean, 13:00etan izanen dira.