Inauteriek erromatar garaian omen dute jatorria. Garizuma aurretik ospatzen ziren tradizio katolikoa zuten herrietan. Euskal Herrian bi motatako inauteriak daude: aspaldiko elementu sinbolikoak mantentzen dituztenak eta modernoenak. Zuberoako maskarada, Lantzeko inauteriak edota Ituren eta Zubietako joaldunak sartzen dira lehenengoan eta bigarrenean, adibidez, Tolosakoak. Bi inauteri hauen arteko kontrasteak nabariak dira eta alde handia dago zabalera geografikoan eta baita ospatzeko eran ere. Aunitz herritan inauteriek euskararekin lotura zuzena dute, bestako pertsonaiek ongi adierazten duten moduan.
Aurtiztarren gosaria
Astelehenean Iturenen egun handia ospatu bazen, asteartean Zubietarren txanda heldu zen. Jakin genuen beteranoenak bakarrik herrian ateratzen direla eta bisitaldirako gehienbat gazteak prestatzen direla, baina asteartean salbuespenak eman ziren. Asteartean ere, gosaria izaten da eguneko lehen ekitaldia. Zubietara joan baino lehen pausaldia egin dugu Aurtitzen. Hurbildu orduko mahaiaren inguruan elkartuta zeuden herritarrak: helduak, gazteak, haurrak…Aitzakia bikaina da inauteriena herriek bat egiteko. Behin gosaria akituta, eta astelehenean Iturenen jasan genuen jende uholdetik aldenduta, joaldunak janzten hasi dira. Hori bai, erraten ahal dugu geroz eta jende gehiago joaten dela Aurtitzera ere. Izan ere, Aurtitzen ere, elkartean jantzi beharrean, kalean egin zuten eguraldi ederra aprobetxatuz. Txikienek ere, handikoen pare, ilusio handiz jartzen dituzte joareak.
Zubietan joareak janzten
Erritoa bera da herri guztietan eta lehen joalduna janzten denetik azkena bitarte tarte handi xamarra joaten da. Serio eta kontzentratuta egiten dute. Iduri du beste pertsona batean bilakatzen direla. Janzten ziren bitartean, joaldun batzuk erronda egiten hasi dira. Aurtiztarrak eskean utzi eta Zubietara hurbildu gara. Hemen ere gosaria akituta hasi dira prozesuarekin. Dagoeneko eguerdiko 13:00ak dira eta janzten lehenak haurrak izan dira. Iturenen bezainbat jende topatu dugu herriko etxeko aretoan. Eguraldia lagun, kanpotar aunitz hurbildu dira inauteetako egun eder honetaz gozatzera. Batzuk lehen aldia dutela nabaria da eta nahiko harrituta jarraitzen dute prozesu guztia, beste batzuk aldiz, argibideak ematen dituzte. Batzuk joaldun izatetik jubilatu egiten dira, baina garbi dago barrenean daramatela joaldun izatea eta betiko mantenduko dutela.
77 joaldun
Denak jantzita herrian barna itzuli bat egin eta plazara hurbildu dira. Dagoeneko 14:00ak pasa dira eta ez dago sobera astirik beste bat egiteko. Hortaz, errota alderako bidea hartu dute eta gibeletik mozorroak ez ezik, jendea ere joan da. Ikusmin handia pizten du elkartzeak eta erranen nuke Iturenen baina jende gehiago hurbildu dela. Ituren eta Aurtiztarrak iritsi bitarte, mozorroek tartea alaitzen dute, jendearen irribarrea eta harridura sortuz. Azkenean, furgoneta batzuk ikusi ditugu eta handik atera dira joaldunak. Zubietarrak bidera atera eta denek bat egin dute. Denetara 77 dira: 56 heldu eta 11 haur. Iturenen baina haur gehiago ikusi ditugu Zubietan eta benetan polita iruditu zaigu. Ibilbidean sortzen den imajina izugarri polita da eta ehunka kamerek islatu nahi izan dute. Herriko plazan segitu du ikuskizunak. Joaldunek piper opila jaso eta bukaera eman diote saioari Herriko Etxe parean.
Mozorroen txanda
Orduantxe hasi da mozorroen txanda. Basurde hilak, oiloak, astoak…Ez da urrunera joan behar mozorroak jantzita dituzten arropak topatzeko. Zubietako talo egileek lan handia izan zuten asteartean ere, eta ez zuten astirik izan orgak ikusteko ere. Astelehenean Iturenera joan ziren karroza batzuk ere bertaratu ziren Zubietara, baina ez ziren denak izan. Hala, zapataria, Mendaurko ermita… Zubietan mozorroak nagusi izan ziren. Kontuz gainera zer botatzen duten: giltxaurrak, ura, irina…eta baita ximaurra ere. Batzuk ihes egiten zuten, baina argi dago zenbat eta oztopo gehiago jarri, orduan eta gogo gehiagorekin ekiten dietela mozorroek. Gaurkoan ere, autoek errepidea hartu dute eta nahiko lan aparkatu eta itzulera egiteko! Joaldunen joan-etorriak ez dira asteartean akituko. Asteazken eguerdian bazkariak eginen dituzte elkarteetan eta arratsaldez etxez-etxe puxka biltzea eginen da joare eta trikitilariekin.