Errekako eskuz binakako seigarren pilota txapelketan, senior mailako final laurdenak jokatu ziren ilbeltzaren 23an. Elite mailakoak Donezteben eta bigarren mailakoak Beran lehiatu ziren eta dagoeneko finalerdiak erabaki dira. Elite mailan, Errea eta Elizalde 22 eta 18 irabazi zieten Baez II eta Lopetegiri, jardunaldiko partidarik onenean. Txarutak Elizalde izan zen laukotetik onena. Bigarren partidan, Mololo Irigoien lesakarrak eta Unai Iparragirre leitzarrak 5 tantutan utzi zituzten Aspe eta Huarte. Bi pilotari beteranoek, bertze bikoteak baino koxka bat goitiago daudela erakutsi zuten. Renobales eta Galarragak 22 eta 9 irabazi zieten Lesakako Aitor Zerezo eta Uharteri. Eneko Galarragak erakustaldi handia egin zuen eta Renobalesek ere gauza politak egin zituen. Zerezo ere ongi aritu zen, baina Uharte hotz ibili zen eta beti Galarragaren bizkarra ikusi zuen. Azkenik, Lazkoz eta Gironesek 22 eta 13 irabazi zieten Moran eta Landiribar-i. Irabazleek ezustea eman zuten aurreko jardunaldian Mendizabal eta Mitxelena kanporatuta eta oraingoan ere abudo bideratu zuten partida.
Bigarren mailakoak Beran
Beran, bigarren mailako senior kategoriako final laurdenak jokatu ziren. Lehenbiziko partidan jaun eta jabe izan ziren Zufiaurre eta Antxo eta bortz tantutan utzi zituzten Errekako Otxoa eta Baleztena. Otxoa saiatu zen eta Baleztena ere pixkanaka goiti dator, baina ez zen aski izan Zufiaurre eta Antxori aurre egiteko. Bigarren partidan ez zen suerte handirik izan. Errekako Imanol Mitxelena aranztarrak eta Iñaki Etxegarai beratarrak 4 eta 1 irabazten ari ziren Sancho eta Landa usurbildarren kontrako partidan. Etxegaraien pilotakada batek Sanchoren masailalboko hezurran jo zuen eta aurrelari usurbildarra Lesakako Osasun Zentrora eraman behar izan zuten. Zorionez, begi ondoa hazitzeaz aparte, ez zuen deus larririk, baina partida bertan behera utzi behar izan zen. Beraz, Imanol Mitxelenari eta Iñaki Etxegarairi partida 22 eta 1 irabazitzat eman zieten eta finalerdietan izanen dira. Hirugarren partidan, Errekako Anguitak eta Joseba Madariaga aranztarrak 22 eta 14 irabazi zieten Arrasateko Dominguez eta Uribarreni. Anguita ikusgarri ibili zen aitzineko koadroetan eta ohikoa duenez, gutti huts egin eta poliki-poliki tantuak pilatzen joan zen. Madariaga atzelaria ederki ibili zen. Mottel antxeko sasoia pasatu du, baina orain gustoa ematen du jokatzen ikusteak. Pilota eutsi, moztu eta jo egin zuen eta kantxan ederki mugitzen da. Laugarren partidan, Txorraut eta Soroa, Armendaritz eta Galartzaren kontra aritzekoak ziren, baina hauek ez ziren aurkeztu, Armendaritzek min hartu baitzuen joan den igandean.
Finalerdiak asteazken arratsaldean Donezteben
Gauzak honela, erabakiak gelditu dira asteazken honetan, ilbeltzaren 30ean, Doneztebeko pilotalekuan jokatuko diren senior elite eta bigarren mailako finalerdiak. Arratsaldeko 17:30ean hasiko den jaialdian, lehenik bigarren mailako finalerdiak jokatuko dira: Zufiaurre eta Antxo, Imanol Mitxelena eta Urrutiaren kontra eta Anguita eta Joseba Madariaga, Txorraut eta Soroaren kontra. Elite mailako finalerdiak jokatuko dira ondotik: Errea eta Elizalde, Irigoien eta Iparragirreren kontra lehenik, eta Renobales eta Galarraga, Lazkoz eta Gironesen kontra, azkenik.
Gazte eta kadete mailako finalak erabakiak
Igande honetan, urtarrilaren 27an jokatu ziren Donezteben jubenil eta kadete mailako finalerdiak. Jubeniletan, Jon Jaunarena leitzarrak eta Bergerak 18 eta 15 irabazi zieten Huarteko Kortabarria eta Garciari. Bertze finalerdian, Umore Onako Oier Apezetxea goizuetarrak eta Txarutako Xabier Madariaga urroztarrak 18 eta 7 irabazi zieten Olaztiko Etxeberria eta Arañari. Beraz, Jaunarena eta Bergera, Apezetxea eta Madariagaren kontra ariko dira martxoaren 8ko finalean. Kadete mailako lehen finalerdian, Txarutako Beñat Oronozek eta Iban Juanenak erraz, 18 eta 6 irabazi zieten Zugarraldeko Loban eta Arrizabalagari. Bertze finalerdia orekatuagoa izan zen. Azkenean, Zugarraldeko Iribarren eta Etxamendik 18 eta 17 irabazi zieten Txarutako Antton Jauregi eta Mikel Kampori. Beraz, ezin izanen da Txarutako bi bikoteren arteko finala ikusi, baizik eta finalerdietan bezala, Zugarralde eta Txarutako pilotarien arteko lehia: Beñat Oronoz eta Iban Juanena, Iribarren eta Etxamendiren kontra.
Infantilak, alebinak eta benjaminak ere jokoan
Infantiletan, final laurdenetako kanporaketa jokatu zen Donezteben. Zugarraldeko Agirre I eta Goñik 18 eta 14 irabazi zieten Uharteko Yoldi eta De la Fuenteri. Etxarri Aranazko Murgiondo eta Lasak 18 eta 3 irabazi zieten Añorgako Etxegoien eta Cristobal-i. Oiartzungo Sarasti eta Basasorok 18 eta 5 irabazi zieten Zugarraldeko Alduntzin eta Fernandez-i eta Etxarri Aranazko Ansotegi eta Lopez Zubiriak 18 eta 13 irabazi zieten Txarutako Ibai Juanena eta Ivan Indari. Alebin eta benjamin mailako pilotariek ere igande honetan ekin zioten Errekako txapelketari, final zortzirenetako kanporaketarekin. Legasan aritu ziren alebin mailakoak: Zugarraldeko Noval eta Larunbek 18 eta 7 irabazi zieten Billabonako Erasun eta Labakari. Oiartzungo Salaberria eta Azpirozek 18 eta 13 irabazi zieten Olaztiko Fernandez anaiei. Zugarraldeko Eransus eta Orriok 18 eta 4 irabazi zieten Irungo Lizarazu eta Ortegori. Hondarribiko Zubizarreta eta Arizmendik 18 eta 17 irabazi zieten Esteribarko Sanchez eta Ollori. Tolosako Iturbe eta Peñak bi tantutan utzi zituzten Leitzako Aurrerako Zabaleta eta Goikoetxea. Zugarraldeko Arano I eta Sarasak 18 eta 4 irabazi zieten Etxarri Aranazko Estarriaga eta Agirreri. Leitzako Aurrerako Eskudero eta Azurmendik 18 eta 14 irabazi zieten Irurtzungo Zudaire eta Ustarroz-i eta Arrasateko Garate eta Arrizabalagak 18 eta 4 irabazi zieten Mendillorriko trinketeko Mayora eta Aranguren-i. Benjamin mailako partidak Urrozko frontoian jokatu ziren: Zugarraldeko Eskiroz eta Agirrek 18 eta 3 irabazi zieten Errekako Saldias eta Lazkanori. Errekako Narbarte eta Garcia zuzenean sailkatu dira, Arrasateko Murua eta Calleja ez baitziren aurkeztu. Huarteko Elizalde eta Etxegiak 18 eta 6 irabazi zieten Zugarraldeko Billabona eta Venturari. Irungo Kurpil Kirolakeko Pagola eta Zeliguetak 18 eta 9 irabazi zieten Errekako Maylin eta Lanari. Arrasateko Murua eta Moron II.ak 18 eta 2 irabazi zieten Leitzako Aurrerako Altzelai eta Gil-i. Billabonako Aizpurua eta Lizartzak 18 eta 15 irabazi zieten Umore Onako Apezetxea eta Salaberriari. Irungo Kurpil Kirolakeko Sagarzazu eta Agerraldek 18 eta 13 irabazi zieten Zugarraldeko Uriz eta De Queiri eta Zugarraldeko Arano II eta Mugirok 18 eta 12 irabazi zieten Olaztiko Sutegiko Lorea II eta Grados-i.