Zubieta eta Aurtizko joaldunek Iturenera bisita egin zuten astelehenean

Goizalde URDANPILLETA 2008ko urtarrilaren 29a

Iturengo plazan ezin pasatuz ibili ziren joaldunak. TTIPI TTAPA

Ikusten zegoen jendetza zela eta, nahikoa lan izan zuten ibilbidea osatzeko,

Franco garaian eta baita lehenago ere, inauteriak debekatuak egon ziren Nafarroan. Hortaz, transizioan lehertze bat egon zen. 70 hamarkadako azken urteetan eta 80ko hasieran, besta hauek gaur egun ezagutzen ditugunaren itxura hartu zuten. Herri aunitzetan galdutako mozorroak berreskuratu eta beste zenbaitek berriak asmatu zituzten. Historialari eta afizionatuek pertsonaiak deskubritu eta arropa eta musikak sortu zituzten. Milaka lagun errepideetara atera ziren landa inauteri hauen lekuko zuzen izateko. Gaur egun indar berarekin mantendu ez ezik, urteko besta garrantzitsuena moduan bizitu eta herritar guztiek parte hartzen dute. Hiriguneetan berreskuratu edo berriak egitean pixka bat geldoago doa prozesua.

Joaldunek bere jatorria Ituren eta Zubietan dute. Joareak astinduz urtarrileko azken astean, inauteriak iragartzen dituzte. Bere jatorria ezezaguna da, baina jakina da negu ondotik natura iratzartzea bortxatu nahi izaten dutela soinuen bidez. Ez dugu joalduna zanpantzarrarekin nahasi behar eta hori beti argi utzi nahi izaten dute Ituren eta Zubietan. Zanpantzarrek bere jatorria Frantziako erdi aroko Saint Pansard edo San Panzudo pertsonaian dute. Gaur egun euskal tradizioko ekintzekin lotzen da zanpantzarren presentzia, eta hala, Olentzeroren kabalgatan ere ateratzen dira. Baina erran moduan, joaldunak ez dira zanpantzarrak.

Oraindik ere zenbait herritan inauteriek maskulino zentzua izaten dute. Garizuma aurreko besta pagano honetan emakumearen papera tokian-tokiko ezberdina izaten da. Herri bakoitzak bere festa, pertsonaia eta erritoa izaten ditu. Landa eremuan, pertsonaiek gizon izen eta abizenak dituzte. Zaku-zaharrak Lesakan edo Ziripot Lantzen adibideetako batzuk dira. Ituren eta Zubietako inauteriak halako kutsua zuten orain zenbait urte arte. Baina emakumeak bere tokia hartu du prozesu natural batean bilakatuz. Zenbait herrietan alde batera geratu nahi izaten dute eta tradizioak dioena mantendu.

Astelehenean Iturengo inauteetako egunik bereziena ospatu da. Goizean goiz joaldunak elkartu eta gosaria egin dute Herriko Etxeko ganbaran. Garbi dago inauterietan girotzeko gosaria beharrezkoa izaten dela, baina kasu honetan, gosaria ezinbertzekoa da joareak astintzeko nahiko indar izateko. Behin gosaria akituta, lehenengo joaldunak janzten hasten dira. Atorra kuadroduna, galtza urdinak, zapinoak, abarkak…horiek guztiak jantziak zituzten, baina gainerakoa momentuan jarri dute: gonazpìkoa, larrua, joareak…eta ttuntturru eta isopua. Geroz eta ikusmin gehiago pizten du joaldunak janzten diren momentu honek. Sabaia jendez eta kazetariz beteta egoten da eta nahiko lan izaten dute joaldunek janzteko. Ez ginen harrituko noizbait sarrera debekatuko balute. Batzuk janzten diren bitartean, besteak gosariaren tertulia aprobetxatzen dute. Eta baita behin joareak paratu dituztenean ere! Eguerdiko 13ak aldera bukatu dute lana, nahiz eta bertzeei laguntzen aritu direnak beranduxeago atera. Lehenik herriari itzulia eman eta berriz ere herriko etxeko atarian geratu dira tragoxka bat hartzen. Bitan errepikatu dute ekintza hau, eta egia da Ituren herria hartu zuten kanpotarrek erabat galduta ikusi zutela beraien burua, lehen itzulian uste baitzuten Zubietarren bila joaten zirela. Latsaga aldera 14´15ean joan dira, Aurtitz eta Zubietako joaldunekin bat egiteko. Ziur garai batean Ituren, Zubieta, Aurtiz eta Lasago joaldunek ibilbidea oinez egiten zutela, baina gaur egun, eta dena sobera ez luzatzeko, autoak erabiltzen dituzte. Ibilbidearen zati handi bat autoan eta azkenekoa oinez. Nahikoa ere joareak egun guztian jarriak dituztela kontutan hartzen badugu! Bitartean mozorroak plazara hurbiltzen hasi dira. Batek bildots bat kulunkatzen zuen, bertze bik arraztelua eta igitaiarekin jendea ezustean harrapatzen zuten eta bertzerik gabe ikusleak irinarekin uxatzen zituztenak ere baziren. Asotsa eta burrunba nagusi da inauterietan, eta gutxi iruditzen edo, motoan herriratu ziren bozina jo eta jo, eta “tubo de eskapea” hautsiarekin… Arratsaldeko 15ak ziren joaldunen lerro ederra plazaratu denerako. Zubietatik 20 heldu eta 4 haur ziren, eta tartean 2 neska. Joan etorria labur xamarra izan da ez baitzuten nahiko tokirik plaza eta inguruan. Ongi dago jendeak ikuskizun eder honetaz gozatu nahi izatea, baina protagonistei tokirik kendu gabe, beti ere. Joaldunak geratu ahala plazara iritsi ziren orgek bere tokia hartu zuten. Lehenik, eta izugarrizko arrakasta duen Zubietako talo egileena zegoen. Berandu egiten da joaldunen ibilbidea bukatu orduko eta ez da batere gaizki sartzen horrelako mokadu goxoa. Baina bestelako itxura zuten karrozak ere baziren: Mendaurko ermita, Aurtizko gimnasioa, Zubietako zapata-denda, Xurrut txaranga, balea…Azken honek jendearengan irribarrea eragin zuen, eta aldi berean nazka. Bale handi bat egin zuten eta jendea beregana hurbiltzen zenean, balearen pare ura jaurtitzen zuen. Balea harrapatu nahien zebiltzan arrantzaleak pare bat itsasontzietan eta ez dakit formula onegia ote zuten, arrain hilak baitzituzten kainaberatatik zintzilik. Horrekin bukatu zen ikuskizuna. Batzuk besta giroarekin jarraitu zuten eta besteek nahiko lan izan zuten Iturendik ateratzeko, izan ere autoak Elgorriagako bainu etxeraino iristen baitziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun