Milaka bisitarik ikusi zuten Sunbillan inauterietako karrozen desfilea

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 28a

Mariatxi taldeak mexikar doinuak hedatu zituen Sunbillako karriketan. TTIPI TTAPA

Igande eguerdiko eguzki goxopean orga ikusgarriak karrikaratu ziren

Egia da Sunbillako inauteriak berez ortziralean hasi zirela eta larunbatean ere auzoz auzoko eskea egin zutela gazteek. Baina dudarik ez da, igandeko karrozen desfilea dela inauterietako ekitaldirik bereziena sunbildarrentzat eta nola ez, inguruko herrietatik, Iruñaldetik eta Gipuzkoatik etortzen diren milaka bisitarientzat ere. Duela 27 urte hasi ziren karrozak prestatzen Sunbillan eta geroztik, ez du nolanahiko indarra hartu ospakizun honek. Sunbildar batzuk bizpahiru hilabete lehenagotik hasten dira karrozak prestatzen eta hori nabari da gero. Ulibeltzak elkartean ere gogotik lan egiten dute, hainbat litro salda, tortilla, taloa gaztarekin, gaztainak eta ardoa prestatzen eta banatzen. Horretarako, goizeko 6etarako gelditzen omen dira soziedadean. Tortilla pintxoak egiteko 110 arraultze-dozena, 350 litro salda, 150 litro ardo, 75 kilo gaztain eta 500 bat talo banatu zituzten igandean Sunbillan. Horretarako, noski, zenbait lan bezperatik ere aitzintzen dituztela aipatu zigun Florentino Gelbentzuk.

Zerriaren zenbakia: 2.162

Karroza hauek debalde banatzen dute salda eta jan-edatekoak, baina diru pixar bat ateratzeko zozketarako txartelak saltzen ere ibiltzen dira. Aurten, Askin auzoko Ermitagoien baserritik ekarritako zerria eta bildotsa zozketatu zuten, behin ibilbidea akituta. Zerria 2.162 zenbakiari egokitu zitzaion eta ez zen igandean agertu Sunbillan. Beraz, norbaitek zenbaki hori duen txartela etxean gordea badauka, zazpi eguneko epea izanen du saria eskatzeko. Bildotsa, berriz, 1.742 zenbakiari egokitu zitzaion eta Aitor Arriaga sunbildarrari suertatu zaio

Karroza ikusgarriak

Baina karrozen desfilera itzuliz, goizeko 11:30etaraji, orga guziak prest-prest zeuden Ulibeltzak elkartearen atarian. Gehienek beroketa ariketak egiten ari ziren. Honela, gospel musika goxoa eta espirituala kantatzen zuen talde hau, Bon Jovi eta Metallicaren doinu gogorrak eskaintzen zituen berotzen hasteko. Mariatxi Kantinako mexikar taldea ere nonbait gosaltzen ari zen eta mutiko koxkor hauek utziak zituzten karrozak zaintzen. Dagoeneko kantu eta dantza batzuk entsaiatuak omen zituzten. (Korte 3, mexikar haurrak) Baina mexikarrak ez ziren Sunbillan nazioarteko ordezkaritza betetzen zuten bisitari bakarrak. Afrikako Masai tribua ere hantxe zen bere dantzak eskaintzeko prest, baina bistan da, komunikazio edo hizkuntza arazoak izan genituela. Beharbada, oraindik gizon zuria ikusi gabeko triburen batekoak ziren. Afrikatik Euskal Herrira bueltan, artzain zakur lehiaketa bikaina prestatu zuten Sunbillan. Ardi batzuk egitazkoak ziren, eta bertze batzuk, zakurra bezalaxe, mozorroak. Artzaiek nahiko lan izan zuten ardiak hesi barnera sartzen. Jalisko, berriz, musika tresnak utzi eta lehiaketako epaile lanetan aritu zen. Bertze karroza batean, bowling edo bolera bat irudikatzen zuten. Azken orduko arazo batzuk zituzten musikarekin, baina nagusiak ez zigun sobera argitu zer gertatzen zen. Mantenimendu laneko langileak ere nahikoa lan bazuen bere burua mantentzen. Goizean horma zuri-zuri baldin bazegoen ere, eguerdiko eguzkiak ederki goxatu zituen Sunbillako karrikak. Hori aprobetxatuz, neska koadrila hau hondartzara joan zen, “Eguzki printza bila, o, o o”. Denetik zuten, sonbrillak, toaillak, brontzeadorea, tenisean jokatzeko paletak… hori bai, beharbada, eguzkia hartzeko tapatu xamarrak zeuden… Hondartzako freskagarriak, patatak eta bertzelakoak saltzen zituen lagun bat ere bazuten ondoan.

Zer lirateke inauteriak mexikarrik gabe?

Dena den, arestian aipatu bezala aurten, Sunbillan mexikarrak izan ziren nagusi. Alde batetik, guraso talde bat eta beraien haurrak Mexikoko kantuak eta dantzak eskaini zituen. Izan ere, zer lirateke inauteriak mexikarrik gabe? Bertze talde batek, mariatxi doinuak eskaintzen zituen, Guadalupeko Amabirjinari eskainitako ermitaren arrimoan. Musika taldea dotore-dotore zebilen bere jantzi ederrekin, baina astoa ere bazuten. Izan ere, Juan Antonio beteranoak aipatu zigunez, mariatxi kanpesinoa zen hura. Duela 27 urte karrozak egiten hasi zirenean hantxe zebilen, eta orain, 60 urte hurbil dituela, oraindik umorez eta gogoz hartzen du karrozen desfilea.

Telebista programen parodiak

Bertze karroza batzuetan, telebistako programa batzuen parodia egiten zuten. Date el trago karrozan, Carlos Sobera aurkezlearen erranetara, zuzen erantzuten zuten konkursanteek bere buru gainean zintzilik zuten garagardo kupeletik edan behar izaten zuten. Mira quien intenta bailar saiokoek berriz, bere dantza ikusgarriak eskaintzen zituzten eta epaileek ematen zuten puntuazioa. Bertze karroza ikusgarri batean, bortz mutiko zuhaitz gainean egindako bi kaxotatan, egurrezko zubian eta kolunpioan jostatzen zebiltzan. Ez da erran beharrik lan izugarria zuela karroza honek. Laburbilduz, eguzki goxoa lagun, umore ederra, jendetza izugarria eta karroza ikusgarriak izan ziren aurten ere Sunbillako inauterietako igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun