Larunbatean hasiko da Baztan-Errekako IX. Paxaka txapelketa

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 25a

Bederatzi hirukote ariko dira, 6 Iruritakoak eta Doneztebe, Oitz eta Ipar Izarreko bana

Larunbat honetan, ilbeltzaren 26an, hasiko da Laxoa Elkarteak bederatzigarren urtez antolatu duen Paxaka txapelketa. Aurten bederatzi hirukotek eman dute izena, horietatik sei Iruritakoak. Doneztebe eta Oitzek talde bana plazaratuko dute eta Lapurdiko ordezkaritza Ipar Izar taldeak beteko du aurten ere. Taldeak bi multzotan banatu dira eta hasierako ligaxkaren ondotik, multzo bakoitzeko bi onenek finalerdiak jokatuko dituzte otsailaren 23an eta finala eta hirugarren posturako lehia martxoaren 1ean jokatuko dira Iruritako Aranabia pilotalekuan.

A multzoan Doneztebe (Jesus Mari Mitxeltorena, Josu Juanena eta Eduardo Oiartzabalekin), Irurita A (Iñaki Etxandi, Mikel Ballarena eta Andres Elizaintzinekin), Irurita B (Oskar Urrutia, Igor Urrutia eta Mitxel Etxenikerekin), Irurita D (Joseba Urtasun, Martin Alfaro eta Cesar Sarratearekin) eta Irurita F (Carlos Goikoetxea, Xabier Bazterrika eta Xabi Barberenarekin) ariko dira.

B multzoan, Irurita C (Miguel Bidegain, Iñaki Zabaleta eta Jesus Etxenikerekin), Irurita E (Xabier Ripa, Guillermo Etxenike eta Cesar Iñarrearekin), Ipar Izar (Cristian Mendiburu, Harri Idoate eta Iñaki Mendiolarekin) eta Oitz (Ugutz Zelaieta, Iker Bereau eta Jose Agustin Mindegiarekin) ariko dira.

Larunbateko lehenbiziko jardunaldia arratsaldeko 16:00etan abiatuko da Iruritako Aranabia pilotalekuan, Irurita C eta Irurita Eren arteko norgehiagokarekin. Ondotik, Irurita A Donezteberen kontra, Ipar Izar Oitzen kontra, Irurita D Irurita Bren kontra eta Irurita F Irurita Bren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun