Eusko Alkartasunak prentsaurrekoa eskaini zuen ortzegun arratsaldean, ilbeltzaren 24an, Etxalarko Kultur Etxean. Bortz herrietako EAko ordezkariekin batera, Maiorga Ramirez, Nafarroakoako EAko presidentea eta parlamentaria eta Aitor Etxarri, Leitzako EAko zinegotzia eta Nafarroa Baiko parlamentaria izan ziren, hainbat gaien inguruan solasteko. Honela, Maiorga Ramirezek, Nafarroan onartu diren aurrekontuak salatu zituen. EAko presidentearen ustez, UPNk zonalde hau marginatu egin du, oraingoan PSNren laguntzarekin. Hain zuzen, EAk aurkeztutako emendakinak ez dituzte onartu. Horien artean, Etxalar eta Zugarramurdi arteko errepidea hobetzeko, pistetarako edo bide berderako diru sailak zeuden, baina bakar bat ere ez da kontuan hartu. Inguru honetako udaletxeak kolore politiko ezberdinetakoak direlako gertatzen dela eta hori ezin dela onartu aipatu zuen Ramirezek.
«N-121Ako lanak planifikaziorik eta gogorik gabe egiten ari dira»
Nafarroako EAko presidentea luze eta zabal aritu zen N-121A errepideko lanei buruz. Bere ustez, lanak gaizki planifikatuak daude eta gogorik gabe egiten ari dira. Lehentasuna errepidea ongi egitea eta ez merke egitea izan beharko lukeela uste du EAk. Joan den urteko ekaina arte soil-soilik 3.000 euro inbertitu zirela aipatu zuen Maiorga Ramirezek, eta erritmo horretan segituz gero, “lanek 150 urte iraunen dutela”.
Iberbandaren zerbitzu eskasa
Ondotik, Aitor Etxarrik hartu zuen hitza, teknologia berriei eta batez ere Iberbandak eskaintzen duen zerbitzuaz aritzeko. Bere ustez, Iberbandak legeak agintzen duen zerbitzu minimoa bertzerik ez du eskaintzen, %20koa, eta herri ttikietan ez da guttieneko kopuru horretara ere ailegatzen. Aitor Etxarrik Telefonicaren monopolioa ere salatu zuen, Iberbandaren akzioen %51 baitu enpresa horrek. EAren asmoa, Nafarroa osorako Mega bateko jautsiera abiadura bermatzea dela jakinarazi zuen.
«Etxalarko udaletxean fundamentu eta seriotasun guti»
Ondotik, Arantza Zubieta, Etxalarko EAko zinegotzia herriko kontuetaz aritu zen. Joan den urteari errepaso eginez, udaletxean seriotasun eta fundamento gutti izan zela salatu zuen. Gainera, plenoan adostu gabe komisioen funtzionamendua aldatu dela eta horrek EAko zinegotziei eta botu emaleei errespetu falta adierazten duela aipatu zuen. Lehendik ere egina zuten bezala, berriz ere alkatearen soldata eta dedikazio aldaketa kritikatu zuen EAko zinegotziak. Segidan, 2007ko kontuak oraindik ikusteko aukera ez dutela izan salatu zuen Arantxa Zubietak. Informazioa ez ematea onartezina dela uste du. EAren asmoa, batez ere, maiatzeko uholdeen balantzea ikustea da eta %100eko laguntza segurtatzea.
2008rako egitasmoak
2008 urterako EAk dituen egitasmoei dagokienez, herritarrak bizi diren baserrietara pistak konpontzea eta auzoetarako bideak garbi ekontzea aipatu zituen Zubietak: «Horretarako udalak desbroze plana egin behar du». Hirigintza arloa, etxalartarrak herrian bizi ahal izateko tresna izan behar dela aipatu ondotik, Beheko Landako egoera argitzea nahi du EAk. Arrakoizko industrialdea bultzatzearekin ados dago EA, baina lur eremu partikular batean diru publikoa gastatzen ari dela aipatu zuen. Arantxa Zubietaren ustez, «legeak behartzen duena baino etekin gehiago atera beharko lioke Etxalarko Udalak Arrakoizko industrialdeari. Horretarako partzela bat udalaren esku gelditu eta lur industrial horretan lanpostuak bultzatu beharko lirateke».