Sunbillako inauteriak ortziralean hasiko dira baserrietako eskearekin

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 24a

Igandean eginen da karroza desfilea

Sunbillako inauterietan igandean eginen den karroza desfilea famatu da gure eskualdean eta eskualdetik kanpo ere, baina Sunbillako inauteriek bertze hainbat ekitaldi dituzte eskaintzeko. Errate baterako, ortziralean, urtarrilaren 25ean, baserrietako eskea eginen dute. Goizeko 9:00etan Herriko gazteek gosaria izanen dute Itturburu ostatuan eta ondotik, bi taldetan banatu eta baserrietara joanen dira, Modesto eta Jose Angel akordioilariekin. Eguerdian bazkaria izanen dute Ixtola baserrian batzuk eta Ulibeltzak elkartean bertzeek. Arratsaldean Herriko haurrentzako txokolatada eskainiko da Ulibeltzak elkartean. Arratsaldeko 4etatik 6etara musika izanen da Agerralderekin elkartean eta arratseko 8etatik 10etara Dantzaldia Agerralderekin arkupeetan. Arratseko 9:30ean eskean dabiltzan gazteen afaria eginen da Itturburu ostatuan eta emakumeen afaria Ulibeltzak elkartean, Ondotik sorpresa eta dantzaldia Agerralderekin.

Larunbatean eskea karriketan

Larunbatean, urtarrilaren 26an, karrikan eginen da eskea. 10:00etan Gosaria Itturburu ostatuan. Ondotik, Karrikaz karrika eskean ibiliko dira, Bixente eta Modestorekin. Ordubietan, eskean dabiltzanentzat bazkaria Fonda ostatuan. Arratseko 8etatik 10etara Dantzaldia Modestorekin udaletxeko arkupeetan eta gauean Afaria Elor-txurin.

Igandean karroza desfilea

Igandean, urtarrilaren 27an, izanen da karrozen desfile haundia Sunbillan. 11:30ean abiatuko da karrozen desfilea Beti-Alai txarangarekin. Sunbildarren imajinazioak eta lanak sortutako orgak ikusteaz gain, urtero bezala, opillak, gaztainak, hezur salda, tortilla eta ardoa banatuko dira ikusleen artean. Ondotik, zerri, bildots eta urdaiazpikoaren zozketa eginen da. Ordubiterdietan bazkaria izanen da Ulibeltzak elkartean eta ondotik, Dantzaldia Jalisko Band taldearekin, Sunbillako inauteriak agurtzeko.

Igantziko inauteriak, ortziral eta larunbatean

Igantzin ere ortziral eta larunbatean, urtarrilaren 25ean eta 26an eginen dira inauteriak. Bertze urteetan Igantziko mozorroek ohiko ibilbidea bazkalondoan abiatzen badute ere, aurten goizean hasiko dira. 11:00etan elkartu eta Berrizaun auzora joanen dira. Han eskean ibili ondotik, bazkaltzera herrira itzuliko dira. Arratsaldean, berriz, herri inguruan ibiliko dira eskean. Eguna behar bezala bukatzeko, afaria eginen dute mozorroek.

Larunbatean goizean goiz bilduko dira mozorroak, 8:00etan. Irisarri auzotik hasita, herri bazterreko bertze auzoetan barrena ibiliko dira, Elutsa, Unanu, Piedade Gaina eta Frain auzoan. Gauean mozorro eta nahi duten bertze guztiek afaria eginen dute. Herriko ttikienek ere izanen dute inauterietan gozatzeko aukera. Hala, larunbatean, bazkalondoren euren mozorroak erakutsiz desfilea eginen dute musikariekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun