Patxi Olazar da Doneztebeko Elkartasuna Kasinoko presidentea

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 24a

Avelino Mitxeo lehendakari ohiak ere bere burua aurkeztu zuen kargurako

Doneztebeko Casino La Union edo Elkartasuna Kasinoak presidente berria du urtarrilaren 20az geroztik, Patxi Olazar erremontista. Urteko batzarra egin zuten orduan, eta zuzendaritza batzordearen erdia berritu zuten, hau da, sei kidetik hiru. Zuzendaritza batzordea sei kidek osatzen dute eta urtero hiru atera eta bertze hiru kide berri sartzen dira, normalean, ateratzen direnek izendatzen dituztenak. Zuzendaritza aukeratzeko eta ardurak hartzeko arazoak izaten zirelako proposatu zuten sistema hori.

Aurtengo batzarraren nobedadea, ordea, lehenagotik zortzi urtetan presidente izandako Avelino Mitxeok ekarri zuen, berriz ere lehendakari izateko aurkeztu baitzuen bere burua. Baina azkenean, aldeko 14 botorekin eta kontrako 11rekin Patxi Olazar izendatu zuten presidente, Juan Mari Artazkoz diruzain eta Mikel Santesteban idazkari kargurako. Horrenbertzez, Karmelo Rekartek, orain arteko lehendakariak, Olazarri utzi dio kargua.

Hogei bazkide berri

Bertzelako gaiak ere landu zituzten Kasinoan bildutakoek. Tartean aurten 20 bazkide berri sartu direla, 17 berriak eta bertze hiru aitaren ordez sartuak. Horrez gain, kontuen berri ere eman zuten: 14.000 euroko superabitarekin itxi zuten 2007a, eta hori ostatua berritu eta hainbat lan —eraikinaren aitzinaldea eraberritu, bertzeak bertze— egin direla kontuan hartuz.

Urte berriari begira hainbat ideia ere badituzte buruan, hala nola, iazko arrakasta ikusita, Basurde Bikers Festaren bigarren edizioa antolatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun