Gure eskualdean ezagunen egin diren inauterien txanda ailegatu da. Sunbillan igandean eginen den karroza desfilea edo Ituren, Aurtiz, Lasaga eta Zubietako joaldunek heldu den astelehen eta asteartean eginen dituzten harat-honatak famatuak dira gure inguruan eta baita guretik kanpo ere. Baina inauteri hauetan, ekitaldi ezagun horietaz gain, bertze hainbertze izanen dira.
Puxka biltzea ortzegunean
Ortzegunean, urtarrilaren 24an Joaldunek eginen duten lehen puxka biltze eta afariarekin hasiko dira Iñauteak Aurtitz, Ituren eta Zubietan. Larunbatean izanen dute segida, afaria eta dantzaldia egiten baita egun horretan. Igandean, jantzi osoa paratuz lehen ibilaldia eginen dute joaldunek karrikaz karrika, baina harat-honat jendetsuenak astelehen eta asteartean eginen dituzte.
Urtarrilaren 28an, astelehenean, Zubietako joaldunak mozorro eta karrozek lagunduta Aurtiztarrei bisita eginen diete, herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, denak elkartu eta herrin barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, plazan karroza bakoitzak bere ikuskizuna eginen du. Eguerdian, 15:30ak aldera, bakoitza bere herrira itzuli eta bazkaria izanen dute elkarteetan. Gauean ordu ttikiak arte bestak segituko du. Asteartean, urtarrilaren 29an, Ituren, Aurtitz eta Lasagako joaldunek bisita bueltatuko diete Zubietarrei, urtero-urtero, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari eutsiz.
Kontuen Egunak
Otsailaren 3 eta 4an, larunbat eta igandean, kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Inauteetako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Zubietan asteakenean egiten dute. Iñauteak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta, mozkorraldia izugarria ez bada, bederen, bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian. Aurtitzen xaharren afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, iñauteak heldu den urtera arte agurtuz.