Ezustekoekin abiatu da Errekako elite mailako pilota txapelketa

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 17a

Donezteben eta Beran jokatu ziren partidak asteazken arratsaldean

Errekako eskuz binakako txapelketako senior elite mailako lehen kanporaketa jokatu zen asteazken arratsaldean Donezteben eta Beran eta erran daiteke, zenbait ezusteko izan zirela eta hasieran faborito gisara ageri ziren bikote batzuk, txapelketatik kanpo gelditu direla final zortzirenetan.

Donezteben, lehen partida jokatu behar zuten Ontsaso eta Baez agertu ez zirenez, zuzenean hurrengo kanporaketara pasatu dira Muguruza eta Elizalde. Aurrera Saiaz taldeko Baez II eta Lopetegik 22 eta 10 irabazi zieten Errekako Markel Etxebeste eta Txarutako Gaizka Otxandorenari. Seinako berdinketa arte nahiko parean ibili ziren, baina hor hautsi zuen partida Baez II.ak bere sake eta jo beldurgarriari esker. Aurrera Saiaz taldeko Aspe eta Huartek ere 22 eta 14 irabazi zieten Billabonako Lizaso eta Errekako Etxegarairi. Hemen, hasierako tantuetan lortutako abantailari eutsi zioten tolosarrek. Doneztebeko azken partidan, Mololo Irigoien lesakarrak eta Unai Iparragirre leitzarrak pronostikoa bete eta 22 eta 9 irabazi zieten Urtasunen ordezko etorri zen Erroizenea eta Azanzari.

Beran ere lehen partida ez zen jokatu. Ollo eta Xabi Arraztoa aurkeztu ez zirenez, zuzenean aitzinera egin dute Gure Txokoako Aitor Zerezo lesakarrak eta Uhartek. Aurrera Saiaz taldeko Renobales eta Galarragak 22 eta 17 irabazi zieten Zugarraldeko Iraola eta Urzainkiri. Zugarraldeko Unai Arraztoak eta Landiribarrek 22 eta 13 irabazi zieten Añorgako Insausti eta Eizagirreri eta lehen jardunaldiko ezustekorik handiena, Antzuolako Mendizabal eta Ekaitzako Imanol Mitxelenaren kanporaketa izan zen. 9 eta 22 galdu zuten Zugarraldeko Lazkoz eta Gironesen kontra.

Aurrerako emaitzak

Leitzako Aurrera elkarteko pilotariek ere hainbat partida jokatu zituzten urtarrilaren 12 eta 13ko asteburuan, Nafarroako Kirol Jolasen barrenean. Leitzako Amazabal pilotalekuan, bigarren mailako alebinetan, Aurrerako Iñaki Saralegik eta Josu Zabaletak 18 eta 12 irabazi zioten Beti Onak taldeko bikoteari eta Aurrerako bi bikoteren arteko lehian, Asier Gil eta Lenitz Galartzak 18 eta 9 irabazi zieten Julen Goikoetxea eta Ander Eskuderori. Lehen mailako alebinetan ere Aurrerako bi bikote aritu ziren nor baino nor. Mikel Sagastibeltza eta Ander Gartziarenak 18 eta 6 irabazi zieten Mikel Sagastibeltza eta Oier Igartuari. Bigarren mailako infantiletan, Aurrerako bi bikoteek irabazi egin zuten. Irurtzunen, Ibai Gil eta Markel Barriolak 18 eta 14 irabazi zioten Irurtzungo bikoteari eta Mutiloabeitin, Mikel Onsalok eta Xabier Erasok 18 eta 16 irabazi zioten Aranpilotako bikoteari. Bigarren mailako alebinetan, igande goizean Amazabalen jokatutako partidan, Aurrerako Mikel Eraso eta Oinatz Mariezkurrenak 14 eta 18 galdu zuten Irurtzungo bikotearen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun