Neguko suteen kontrako kanpaina abiatu du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 16a

Iruritako Anduezeneako teilatuak su hartu zuen ilbeltzaren 15ean

Urtarrilaren 15ean, asteartean abiatu zuen Nafarroako Gobernuak neguko oihan suteak aurrikusteko eta itzaltzeko kanpaina. Batez ere Nafarroako mendialdean, sasiak eta larreak kontrolik gabe erretzean gertatzen diren suteak aurrikustea eta lehenbailehen itzaltzea da kanpaina honen helburua. Oronoz-Mugairi eta Auritzko suhiltzaile parkeak arduratuko dira Kantauri itsasoko ixurialdean eta Pirinio aldean gertatzen ahal daitezkeen intzidentziataz.

Aurtengoan, berrikuntza gisara, Nafarroako Gobernuak dauzkan bi helikopteroetatik batek aurreikuspen hegaldiak eginen ditu arrisku handieneko egunetan. Orain arte, helikopteroak sutea gertatu eta gero bakarrik ateratzen ziren, koordinazio eta itzaltze lanetan aritzeko.

2002garren urtetik honat, kanpaina honen helburua ez da bakarrik suak itzaltzea, baizik eta lehendik Ingurumen Departamentuan sua pizteko baimena eskatu eta baldintzak betetzen dituen abeltzainari babesa ematea. Horretarako, seigarren urtez segidan, Espainiako Ingurumen Ministerioak ere langileak bidaliko ditu, apirilaren 21a arte baimenduak dauden kontrolatutako suteetan abeltzainak laguntzeko. Nafarroako Larrialdi Agentziak ere Suhiltzaile Zerbitzuaren lantaldea bertze 24 langilerekin indartuko du. Baliabide materialei dagokienez, urte osoan izaten duten horniduraz gain, Oronoz-Mugairi eta Auritzko parkeek launa autobonba eta mendiko bina ibilgailu izanen dituzte. Foruzaingoak ere lagunduko omen du zaintza lanetan.

Aipatzeko da joan den urteko urtarrila eta apirila artean 248 Hektarea oihan erre ziren Nafarroa osoan, horietatik 51 zuhaiztienak. Suhiltzaileek 237 ateraldi egin behar izan zituzten, horietatik gehienak, 127, martxoan. 2007garren urte osoan, 432 Hektarea erre ziren Nafarroan, horietatik 78 terdi zuhaiztienak.

Iruritako Anduezeneako teilatuak su hartu

Suteak aipatzen ari garela, Iruritako Anduezenean etxeak kalteak jasan zituen astearte goizean, urtarrilak 15, sute baten ondorioz. Suak etxeko teilatuaren zati bat hondatu zuen, 20-30 metro koadro inguru, baina ez zuen kalte pertsonalik eragin. Hamarrak eta laurden aldera piztu zen sua, baina ordu erdian kontrolatua zuten suhiltzaileek. Baztango etxe batean denbora laburrean sua pizten den bigarren kasua da Iruritakoa. Aitzinekoa Elbeteko Lekuederrea etxea izan zen. Batean zein bertzean haize haundiko egunetan izan dira kalteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun