San Anton eguna ospatuko dute Elizondo, Lesaka eta Zubietan

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 16a

Elizondon, San Jose Zahar Etxearen aldeko zozketa eginen dute

Ortzegunean, ilbeltzaren 17an, San Anton eguna ospatuko da, nekazari eta abeltzainen zaindaria. Gure eskualdeko hainbat herri eta auzoetan egun handia izan da betidanik San Anton eguna, baina azkeneko urteetan, Elizondo, Lesaka eta Zubietan egiten dituzte ospakizunik handienak.

Zahar Etxearen aldeko zozketa Elizondon

Elizondon, San Jose Zahar Etxearen aldeko errifa eginen dute ortzegunean, aspaldiko ohiturari eutsiz. Zozketa horretarako zenbakiak dagoeneko salgai daude Baztanen, baina San Anton egun berean, herriko albinteak ere ibiliko dira plazan txartelak saltzen. Balleko Etxetik jakinaraziko dira saria lortu duten zenbakiak. Lau sari izanen dira, aretxea, zerria, bi bildots eta urdaiazpikoa. Goiz osoan animazio handia espero da Elizondon. Bertsolariak ere ariko dira Balleko Etxeko balkoitik kantari.

Igandean, ospakizun handia Lesakako Endara auzoan

Lesakan, Endara auzoko San Anton ermitan meza emanen da ortzegunean, baina egun handia igandea, ilbeltzaren 20a izanen da. Egun horretan, Lesakatik ez ezik, Bortzirietatik eta Gipuzkoa aldetik ere hainbat lagun biltzen dira, garai batean egiten ziren azienda salerosketak gogoratuz. Gaurko egunean, erroskillak eta taloak erosteko, dantzatzeko eta lagunartean trago bat hartzeko aprobetxatzen dute eguna. Oinez etorritako mendizaleak, txirrindulazaleak, zaldunak eta, batez ere, autoan etorritako hainbat lagun biltzen dira San Antonen. Goizeko 10etan hasita, orduro mezak izanen dira baselizan. Lesakatik, goizeko 8etan abiatuta, mendi ateraldia antolatu du Beti Gazte elkarteak. Arratsaldean, behin herrira bueltatutakoan, Egan taldearekin dantzaldia izanen da plazan, arratsaldeko 18:30ak aldera, Kultur Batzordeak antolatua.

Zubietan, meza San Anton ermitan

Zubietan, ortzegunean ospatuko dute eguna, San Anton ermitaren inguruan. Duela gutti arte egoera kaxkarrean zegoen baseliza, baina zubitar batzuk auzolanean berritu zuten. Zubietako udalak materiala jarri zuen eta herritarrek teilatu guzia berritu eta itxura ederra eman zioten eraikinari. Ortzegun goizeko 11etan meza izanen dute eta Zubietatik ez ezik, Aurtiz eta Iturendik ere hurbiltzen da jendea. Ondotik hameketakoa izanen dute eta arratsaldean ere, berendatzeko eta akordeoi doinuak aditzeko modua izanen da. San Antonen sinismena dutenek, oraindik ere bere aziendekin joaten dira eta hiru itzuli ematen dituzte ermitaren inguruan, santuaren babesa eskatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun