Erreka elkarteak seigarren aldiz antolatutako eskuz binakako txapelketa abiatzen ari da poliki-poliki, kategoria ezberdinetan. Igande goiz honetan, jubenil mailako lehen jardunaldia Donezteben eta kadete mailakoa Legasan jokatu ziren. Jubenil mailan, Uharteko Kortabarria eta Garciak 18 eta 5 irabazi zieten Umore Onako Zabaleta eta Aurrera Saiz taldeko Zubiriari. Txarutako Oier Bereau eta Mikel Mindegiak 18 eta 12 irabazi zieten Zugarraldeko Juanena eta Artuch-i. Gipuzkoarren arteko lehian, Zumarragako Aleman eta Quinak 18 eta 3 irabazi zieten Añorgako Jauregi eta Lertxundiri. Arbizuko Jaunarenak eta Bergerak 18 eta 9 irabazi zieten Lizarrako San Miguel taldeko San Martin eta Etxeberriari. Kategoria honetako partidarik estuenean, Sutegiko Mayo eta Aranak 18 eta 17 irabazi zieten Donibane Lohizuneko Punpa taldeko Bilbao eta Ugarteri. Txarutako Unai Madariagak eta Errekako Ugutz Zelaietak final laurdenetarako zuzenean sailkatu dira, Fuenmayorreko Gabarri eta Diez ez baitziren agertu partidara. Añorgako Perez eta Lujanbiok 18 eta 4 irabazi zieten Irungo Kurpil Kirolakeko Ugarte eta Ballesteros-i eta Umore Onako Oier Apezetxeak eta Txarutako Xabier Madariagak 18 eta 3 irabazi zieten Zugarraldeko Valencia eta Zabalzari.
Kadete mailan, Irurtzungo Olias eta Loidik 18 eta 13 irabazi zieten Añorgako Loidi eta Maiza lehenari. Zugarraldeko Loban eta Arrizabalagak 18 eta 1 irabazi zieten Arrasateko Arana eta Etxagibeli. Errekako Gaizka Bendoirok eta Irail Zestauk 18 eta 15 irabazi zieten Sutegiko Borrega eta Gastaminzari. Txarutako Beñat Oronozek eta Imanol Juanenak 18 eta 8 irabazi zieten Zugarraldeko Bernabe eta Mayans-i. Irurtzungo Gaztañaga eta Berazak 18 eta 12 irabazi zieten Etxarri Aranazko Ijurra eta Urkijori. Txarutako Aritz Juaneneak eta Mikel Kampok 18 eta 6 irabazi zieten Arbizuko Jaika eta Agirreri. Hondarribiko Gaztelumendi eta Belokik 18 eta 6 irabazi zieten Irungo Lekuona eta Gomezi eta Zugarraldeko Iribarren eta Etxamendik, 18 eta 7 irabazi zieten Uharteko Salvador eta Goñiri.
Elite mailakoak asteazkenean, Donezteben eta Beran
Asteazkenean, ilbeltzaren 16an, abiatuko da Errekako txapelketan, senior elite kategoriako lehia. Partidak asteazkenetan jokatuko dira, Doneztebe eta Berako pilotalekuetan. Errekak 16 bikote gonbidatu ditu, beraz, lehen jardunaldia final zortzirenetakoa izanen da. Afizionatu mailako pilotarik onentsuenak ariko dira txapelketan, bertzeak bertze Renobales, Ontsalo aresoarra, Mendizabal, Muguruza, Imanol Mitxelena aranztarra edo Mololo Irigoien lesakarrak eta Unai Iparragirre leitzarrak osatzen duten bikote beldurgarria aipatu behar dira. Asteazkenean, arratsaldeko 5:30etatik aitzinera partida hauek jokatuko dira Donezteben: Ontsalo eta Baez, Muguruza eta Elizalderen kontra; Baez bigarrena eta Lopetegi, Etxebeste eta Otxandorenaren kontra; Aspe eta Huarte, Lizaso eta Etxegaraien kontra eta Urtasun eta Azanza, Irigoien eta Iparragirreren kontra. Beran ere arratsaldeko 5:30ean hasiko da jaialdia. Ollo eta Xabi Arraztoa, Zerezo eta Huarteren kontra ariko dira; Renobales eta Galarraga, Iraola eta Urzainkiren kontra; Unai Arraztoa eta Landiribar, Insausti eta Eizagirreren kontra eta Mendizabal eta Mitxelena, Lazkoz eta Gironesen kontra.