Suhiltzaile boluntarioen parkeak negurako hornitu dituzte

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 15a

Elurra kentzeko kuñak eta gatza banatzeko tresnak eman dizkie Nafarroako Gobernuak

Suhiltzaile boluntarioen Nafarroako zazpi parkeek elurra kentzeko falkak edo kuñak eta gatza banatzeko tresnak eskuratu dituzte Nafarroako Gobernutik, beraien inguruan dauden bide eta karriketako garbiketa lanetan udal zerbitzuei laguntzeko.

Nafarroako Emergentzia Agentziak 50.000 euro inguru bideratu ditu material hauek erosteko. Goizuetako parkearen kasuan, Aranoko Heineken garagardo enpresak erosi ditu gatza partitzeko tresna eta elurra kentzeko kuña, 10.000 euroko gastua eginez. Nafarroako suhiltzaile boluntarioen zazpi parketan 140 bat boluntario ari dira lanean eta eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, edozein larrialditarako prest izaten dira. Normalki, oihan suteak itzaltzea edo elurra egiten duenean, errepidea garbitzea izaten da beraien betebeharra, baina bertze hainbat larrialdietan esku hartzen dute.

Agoitz, Goizueta, Lesaka eta Luzaideko parkeetan, mendiko ibilgailuei elkartzeko moduko elurra kentzeko kuñak eskuratu dituzte, baita gatza banatzeko tresnak ere. Leitzako suhiltzaileek ere gatza banatzeko tresn eskuratu dute. Izabako parkearen kasuan, kamioi bat egokitu egin da, bigarren kuña bat paratu ahal izateko. Berako parkearen kasuan ere, berriki kuña handi bat ezarri diote kamioi bati, batzutan Ibardinera doan NA-1310 errepidea garbitzea suertatzen baitzaie Berako suhiltzaileei.

Neguko Bideragarritasun Planaren arabera, Herrilan Departamentuari dagokio errepideen garbiketa. Suhiltzaile boluntarioak izanen dira ikastetxe, osasun zentru eta erakunde ofizialen egoitzetara sarbidea errazteko arduradunak. Bertze karrikak edo, batzuetan, baserrietako bideak garbi kontzea ere boluntarioen lana izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun