Agenda 21 berriro bilduko da urtarrilaren 22tik aitzinera

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 15a

Malerrekako Agenda 21ek lanean segitzen du. Herritarren iritzi eta ikuspegia biltzeko, azaro bukaerarako deitutako bilerak hagitz parte-hartze eskasa izan zuela eta, saiakera berri bat egitea adostu dute. Honela, Doneztebeko Erakusketa Aretoan bilduko dira urtarrilaren 22tik aitzinera, arratsaldeko 19:00etatik arratseko 21:00etara.

Beraz, heldu den asteartean, urtarrilaren 22an, ingurumena, mendiak, ura, hondakinak..., lurraldea eta hirigintza izanen dira gogoeta gai; Otsailaren 12an kultura, euskara, kirolak, hezkuntza, Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna izanen dituzte hizpide; otsailaren 28an, ekonomia eta tokiko eta eskualdeko kudeaketari buruz ariko dira.

Iazko ekainetik Malerrekako 13 udalekin, Malerrekako Mankomunitatearekin eta Cederna-Garalur erakundearekin elkarlanean ari da Malerrekako Agenda 21 kudeatzen duen Terra-Prometea lantaldea. Azken hilabeteetan prozesu tekniko bat gauzatu dute, ordezkari politiko eta teknikarirekin bilerak eginez. Lantalde honen asmoa, karrikako jendearen iritzia eta ikuspegia ere biltzea da, bizilagun eta gizarte eragileena, baina aipatu bezala, azaroan deitu zuten parte hartze foroan partehartze eskasa izan zen. Ea bada, heldu den asteartetik aitzinera eginen den bileretara jende gehiago animatzen den, landuko diren gaiei buruzko iritziak eta proposamenak lantzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun