Bertizko Natur Parkeak, Turismo Kalitatearen “Q” ziurtagiria berritu du, egin berri zaizkion auditoriak arrakastaz gainditu ondotik. Nafarroan, babestutako natur eremu bisitatuenetakoa da Bertiz eta ziurtagiri honekin, bisitariendako ekipamendu eta zerbitzuen kalitate bermea baieztatu eta etengabeko hobekuntza prozesuan segitzen duela nabarmentzen du.
Espainiako Turismo Kalitate Institutuak 2005eko azaroan eman zion Q ziurtagiria Bertizko Parkeari. Estatu osoan bederatzi dira ziurtagiri hori duten natur eremuak, horietatik bi, Bertizko Parkea eta Irunberriko Arroila, Nafarroan. Bertizetik jakinarazi dutenez, Q ziurtagiria lortzeko araudia oso-osorik bete du Natur Parkeak.
Nafarroako Dipuazioak 1984ko martxoaren 25ean izendatu zuen Bertizko Natur Parkea, 2.040 Hektareako eremua. Jardina 1847an diseinatu zuen Felix Lambert frantziarrak, baina Pedro Ziga berak egin zuen. 3,4 Hektarea dituen lorategiak, mundu osoko zuhaitz eta zuhaixkak ditu, 130 espezie ezberdinetakoak.
13 Turismo eskualdetan banatu dute Nafarroa
Nafarroako turismoa bultzatzeko helburuarekin, Kultura eta Turismo Departamentuak 13 eskualdetan banatu du herrialdeko turismo eskaintza. Eskualde bakoitzak garapenerako proposamen nagusia izanen du eta gai bat hartuko du ardatz nagusitzat, horren inguruan turismo produktu eskaintza garatu ahal izateko.
Ttipi-ttapak hartzen duen eskualdeari dagokionez, bi eskualdetan banatuko da turismoari begira. Alde batetik Bertiz egonen da, eta bailara lasaiak lemapean, lasaitasuna izanen da ardatz nagusia eta kultur eta natur turismoa bultzatuko da. Bertizko produktu nagusiak Bertizko Natur Parkea, Bertizko Interpretazio Zentrua, Bidasoako trenbidea, Elizondo eta Santxotena Museo Etnografikoa izanen dira eta Baroja izanen da pertsonai ezaguna. Plazaola eta Sakanari dagokionez, lema “Paseo bat ametsetan barna” izanen da eta ardatz nagusiak Aralar eta Urbasa-Andia mendi lerroak izanen dira. Natur turismoa bultzatuko da hemen ere eta turismo produktuei dagokienez, Urbasa, Andia, Iribas, Orgi, Mendukilo lezea eta Aralarko San Migel bultzatuko dira, bertzeak bertze.