N-121A errepideko lanetan, Igantziko Bentak eta Etxalarko zatiaren artean egiten ari diren txapuzak eta planifikazio eza salatu ditu, Etxalarko Eusko Alkartasunak berriz ere. Etxalarko EAren idatziak dioenez, urtarrilaren 10ean kontrolatutako bertze leherketa bat egin zen eta horren ondorioz, 24 ordu beranduago oraindik ere bidearen norabide bat itxia zegoen. Gertakari hau, duela hiru aste gertatutako trafikoaren mozketa eta gero dator. Hainbat bizilaguni eragin zion mozketa hau “Nafarroako Gobernuaren utzikeriaren ondorio da” Etxalarko EAren ustez.
EAk garbi dauka neurri honetako obra batek beti sortuko dituela eragozpenak, baina lanak egiterakoan trafikoa ahalik eta guttien afektatzeari lehentasuna ematen bazaio, bidearen erabiltzaileek eragozpen guttiago izanen lituzkete. EAren arabera, beti garestiagoa izanen da gaur egungo bideari ez eragitea pentsatuz egiten den obra, baina Nafarroako Gobernuak irtenbiderik xinpleena eta merkeena aukeratu du, alegia, gaur egungo errepidea erabiltzea lan horiek egin ahal izateko. EAren ustez erraza da aitzakiak bilatzea, baina Nafarroako Gobernuak obra beraren Gipuzkoako zatian jarri beharko luke begia, zenbait lekutan arazo berbera errepikatzen baita. Baina Gipuzkoako zatiaren kasuan, EAk dioenez, arazoa moldatzen ari dira, XXI. Mendeko administrazio serio batek egin behar duen moduan. Arazoa ez dela bakarrik eraikuntzarena, baita trafikoaren kudeaketarena, dio EAk.
Etxalarko EAk bere idatzian argitara eman duenez, Nafarroako azpiegituren herri lanen kalitatea onartu ezin diren mailetara jautsi da eta horregatik Nafarroako Gobernuari, lanak garaiari dagozkien irizpideen arabera egitea eskatu dio, inprobisaziorik gabe, txapuzarik gabe, aurrezpen faltsurik gabe, obra hasieratik ongi eginen balitz baino garestiago aterako baita azkenean”.
Errepidea erabat moztuko da bi orduz astelehen eta asteazkenean
Aipatzekoa da aste honetan ere bi egunez, errepidearen erabateko mozketak eginen direla bi orduz, astelehen eta asteazkenean. Honela, astelehenean, 12etatik 14etara itxi dute errepidea, 68. Kilometro inguruan eta asteazkenean, urtarrilaren 16an, gauza bere eginen dute eguerdiko 12etatik 14etara, 70,200 kilometro inguruan.